Ezusterik ez Danbakan, kalitate mailari goian eutsi zioten eta taldeek

Beste behin, parte-hartzaileen maila altua izan zen nagusi Danbakako laugarren saioan, eta orain arte lehiaketak eskaini duena berretsi egiten da. N_OPH, Los Cretinos, Supercools eta Ostiada Oi! taldeek euren onena eman zuten bart gauean Elgetako Espaloia kafe antzokian. Ohi bezala, publiko sarrera oso altua izan zen.

Partaideek erakutsitako kalitate maila ez zen harritzeko kontua izan, Danbaka lehiaketak orain arte bildu duenarekin alderatuta; horrela bada, Elgetako Espaloia antzokian oso estilo desberdinetako baina zuten dena emateko eta, bide batez, agertokian ahal bezain ondo pasatzeko gogo handia zuten lau talde batu ziren. Batzuek beste batzuek baino denbora luzeagoa daramate agertokietan, eta esperientzia aldeak sumatu ziren une batzuetan, baina talde berrienek freskotasun eta gogo handiarekin bete zuten esperientzia faltaren hutsunea.

Publiko aldetik, berriro ere, Debagoieneko musikazaleen harrera bikaina azpimarratu behar da. Lehenengo eta azken emanaldietan entzule gutxiago izan ziren arren, tarteko kontzertuetan bete-beteta egon zen berriro antzokia. Jendeak, oro har, berotasunez hartu zituen taldeak eta txaloak egon ziren guztiendako.

Lau taldeak

Gaua lasai hasi zen, N_OPH arrasatearren dance doinuekin. Gurean ezohikoa den estilo bat lantzearen aldeko apustua egiten du biko horrek, eta publikoarengandik erantzun ona jaso zuten -txalo asko egin zizkieten-, beharbada ez eurek nahi zuten modukoa, izan ere, abeslariak hala eskatu arren, ez zuen lortu entzuleak dantzan jartzerik. Motibazio eta gogo handiz jardun zuten, batez ere Nereak, abeslari eta dantzariak. Segidan, Los Cretinos taldeak hartu zuen txanda, rock eta revival doinuekin. Dantzarako oso talde egokia da hori ere, bere estiloaren barne. Aipatzekoa da arazoak izan zituztela taldekide bat azken orduan ordezkatu behar izan zutelako, baina oso ondo aritu ziren.

Estilo aldaketa handiena hirugarren taldearekin etorri zen, Supercools hardcore taldearekin, alegia. Bergarar horiek profesionaltasun handia azaldu zuten, bai jotzerako orduan, bai eta agertokian zuten jarrerarengatik. Orain arte lehiaketatik pasa diren talde onenetariko bat izan ziren, askoren iritziz. Bukatzeko, Ostiada Oi! taldearen punk-oi eta ska estiloa etorri zen. Taldeak zorte txarra izan zuen soinuarekin eta, aldez aurretik ere, euren jarrera ez ei zen normalean zuzenekoetan izaten dutena; hala ere, hobera egin zuten nabarmen, eta disfrutatu eta disfrutarazi egin zuten.

Datorren astean, martitzenean

Abenduaren 7an, martitzena, argitaratuko da oraingoan Asteleheneko Goienkaria, jai egunak direla eta. Baina, betiko moduan, datorren zenbakian izango dituzue Danbakako saioko kronika, iritziak, inkestak, argazkiak eta SMS bidezko bozketaren emaitzak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.