Gureko hogei lan berri, azokan

Debagoieneko produktuak non-nahi aurkituko dituzte Durangoko azokara joaten direnek. Hain justu, azokan bertan aurkeztuko dituzte euren emaitzak eskualdeko hainbat egilek, eta beste askok labetik orain oso gutxi ateratako produktuak eramango dituzte.

Albiste dira azokan bertan salgai ipiniko diren artikuluak. Honakoak dira: Jose Antonio Azpiazu historialari oñatiarraren Historias de Corsarios Vascos. Entre el Comercio y la Piratería ikerkuntza lana (Elkarlanean); Resu Abasolo aretxabaletarrak, Juana Lopez de Munain irakasle gasteiztarrarekin batera, idatzitako Ilunetik argira. Elbira Zipitria euskarazko hezkuntza gorpuztu zuen irakaslearen biografia (Hik Hasi); eta Arrasateko Txatxilipurdi elkartearen Salamaleikum Euskal Herrira mahai-jolasa, bereziki Saharako umeak gurera etortzen direnerako euren hizkuntzan hainbat hitz ikasteko pentsatuta.

Gaur, egubakoitza, aurkeztu du Eneko Barberena arrasatearrak Lurrunak ez du oraindik kristalik estali poema liburua, eta Gaztesarea taldeak ipiniko du salgai. Horrekin batera, Gaztesareak Entseilu Lokala 2 diskoa aterako du. Bergarako Supercools taldearen abesti bat dago.

Pasa den eguaztenean aurkeztu zituzten bi liburu: Luxio Ugarte irakasle oñatiarraren enpresa arloko liburua, ¿Sinfonia o Jazz? Koldo Saratxaga y el modelo Irizar. Un modelo basado en las personas (Unbe) eta Bitoriano Gandiaga Arantzazuko frantziskotarraren hil ondoko lana, Adio (Elkarlanean).

Oñatin jarraituta, Arantzazu argitaletxearen sei bat produktu berri izango dira: esaterako, Hemen erlijio aldizkari berria, Loratsoak Asisko San Frantziskoren gaineko liburua, Arantzazuko egutegia, musika liturgiko zein herrikoia...

Eguenean aurkeztu dituzte Debagoieneko udalek Kirola Euskaraz fitxa didaktikoak. Horiek ere Durangon izango dira, Foru Aldundiaren eskutik.

Musika

Azken hilabeteotan, ibarreko idazle, musikari, udal zein elkarteek lan asko plazaratu dituzte. Hiru Truku berpiztu dute Ruper Ordorika, Joseba Tapia eta Bixente Martinezek; Nafarroako Kantu Zaharrak diskoa (Metak) azokan izango da. Baita Juan Carlos Irizar oñatiarraren Mendiak partitura liburua ere, izen bereko diskoaren osagarri.

Ezohikoa da oso beste oñatiar baten, Aita Madina zenaren, Pianorako Musika diskoa (ausArtRecords); izan ere, musikari hark elizarako eta organorako musika idatzi zuen batik bat, eta pieza horiek bereziak dira, eta orain urte gutxi aurkituak.

Azkenik, Foru Aldundiak egin duen Gaztemaniak bilduman Sharon Stoner eta Potemkin talde oñatiarrak agertzen dira.

Literatura

Gureko idazleak ere emankorrak izan dira azkenaldian. Orain aste bi aurkeztu zuen Txalaparta argitaletxeak Lehenengo aldia ipuin erotiko liburua; Diego Martiartu arrasatearraren ipuin bat jasotzen du horrek. Saltokietara atera berria da baita Oskar Arana aramaioarraren Lotsaizuna ere, J.M. Coetzeeren Disgrace nobelaren itzulpena (Elkarlanean).

Azkenik, Andoni Urtzelai aretxabaletarrak udan aurkeztu zuen Zirkulua nobela (Erein) ere azokan izango da.

Udalak eta euskalgintza

Badihardugu euskara elkarteak eta Topagunea euskara elkarteen federazioak eramango dute gureko euskalgintzaren ekarpena. Topagunearen postuan, Debagune elkartearen 2005eko egutegia izango da; baita Laixan elkartearen Gu eta Gure Hizkuntzak jaialdiko DVDa eta hiztegia eta Txatxilipurdiren bi mahai-jolas ere. Badiharduguk, bestalde, eskualdeko udalek eta elkarteek kaleratutako ikerketak eta lanak eramango ditu. Horietatik bi aurten ateratakoak dira: Oñatiren gaineko Oñati, iragana, oraina eta geroa DVDa eta Eskoriatzako Udalaren Idatziak euskaraz idazteko laguntza liburuak, beste 50 bat produkturekin batera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.