Euskararen Eguna: ekitaldiak izango dira hainbat herritan

Leire Kortabarria 2004ko abe. 2a, 18:46
Abenduak 3, Euskararen Eguna ospatuko dugu, eta ibarreko bi herritan batez ere, ekitaldi bereziak antolatu dituzte, Eskoriatzan eta Bergaran, hain zuzen. Baina ibarreko gainerako herrietan ere zenbait ekintzarekin gogoratuko dute data berezi hori.

Eskoriatzako eta Bergarako eragileek antolatu dituzte egitarau mardulenak. Biotan, panel bana ipiniko dute, herritarrek mezuak idatz ditzaten; Eskoriatzan, Herriko plazan izango da, eta Bergaran, Munibe plazan.

Eskoriatzan, Udalak, ikastetxeek, euskaltegiak eta ludotekak deitu dituzte ekintzak, bakoitzak bere aldetik edo batera egiteko, Esanak esan, euskara lelopean. Udaleko eta euskaltegiko langile eta ikasleek kartelak ipiniko dituzte, eta ikastetxe eta ludotekako umeek hainbat jolas eta denborapasa izango dituzte euskararen inguruan. Bukatzeko, Greban gaude antzezlana izango da unibertsitatean, 22:00etan.

Bergaran, Udalak, EHEk, Jardun elkarteak, AEKk eta ikastetxeek deitu dituzte ekitaldiok Euskara zabaltzia, denon konpromisua leloarekin. Ekintza gehienak Munibe plazan izango dira: 17:00etatik aurrera, umeendako txokoa; 19:30ean, Telesforo Monzon herriko semeari omenaldia egingo diote; gero, musika kalejirak, triki-poteoa eta afari merienda izango dira. Bukatzeko, Berriketan bertso eta kantu emanaldia izango da Pol-Pol tabernan, gauean.

Ikasle guztiendako boligrafoak

Horrez gain, beste herrietako ikastetxe askotan umeendako jolasak, ikastaroak, musika emanaldiak… izango dira. Eta Debagoieneko ikastetxe guztietan boligrafoak banatuko dituzte euskara elkarteek, enborrean Euskara zabaldu leloarekin. Bestetik, Arrasaten, Herriko plazan, Euskal Herrian Euskaraz taldeak kontzentrazioa egingo du 12:00etan.

Xabierko San Frantziskoren omenez aitortu dute abenduaren 3a Euskararen Eguna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak