Oñatikoek Eibarren jokatuko dute 20:30ean Arrateren kontra. Etxean irabazi eta etxetik kanpo galdu; halaxe dabiltza oñatiarrak. Sailkapenean gora egiteko, baina, beharrezkoa dute etxetik kanpo irabaztea, eta etxean bolada onari eustea.
Saskibaloian, berriz, Erro y Eugi talde nafarraren kontra partidu erabakigarria jokatuko dute Zutututzaren mutilek egubakoitzean, 20:00etan, Iturripen. Badirudi jokalari guztiak daudela jokatzeko moduan.
Gainontzeko kirolei dagokienez, zubiak ez du eraginik izan. Errugbian zapatuan izango du Arrasateko taldeak liderraren, Gernikaren, bisita. 16:00etan izango da partidua, Garagartzan.
Eta futbolari dagokionez, Preferenteko ibarreko lau futbol taldeek bihar jokatuko dute oraingo jardunaldiko partidua. Bergarak Agorrosinen jokatuko du, 15:30ean, Tolosaren kontra. Mondrak EHUren bisita izango du, 15:30ean. Aloña Mendik ere ordu berean jokatuko du, Oiartzunen, baina. Eta 16:30ean jokatuko du Aretxabaletak Orion.