Ibarreko musika eskolen esperientziak elkartrukatzeko balio izan zuen saioak

Debagoieneko musika eskolek bigarrenez egin dute emanaldia. Oñatin elkartu ziren Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Bergara, Oñati eta Soraluzeko musikariak. Santa Ana aretora guraso asko batu ziren.

Egubakoitz arratsaldean zuten hitzordua Oñatiko Santa Ana aretoan. Emanaldia hasi aurretik, berbaroa zen itzela atarian eta areto nagusian. Urduritasuna ikasle eta irakasleen artean, eta ordurako, 18:00etarako, gurasoak eta aitona-amonak sartzen hasi ziren, Santa Anako aulkietatik euren seme-alaba eta ilobak adi-adi entzuteko asmoz.

Debagoieneko Musika Eskolen emanaldia antolatu zuten Oñatin, eta hara elkartu ziren Arrasate, Bergara, Aretxabaleta, Eskoriatza, Oñati eta Soraluzeko musika eskoletako ordezkariak. Hala ere, Oñatiko Jose Azpiazu Musika Eskolako zuzendari Arantxa Iturriotzen aginduetara, taldeak banaka igotzen joan ziren taula gainera, ordena errespetatuz eta zegokien pieza joz.

Iaz egin zuten lehenengo emanaldia, elkar ezagutzeko eta beste musika eskoletan egiten dena elkarri erakusteko asmoz. Orduan Arrasaten egin zuten, Arrasate Musikal eskolaren ekimenez eta, aurten, Oñatin jarri zuten hitzordua.

Txistua, pianoa, metalezko musika tresnak, trabeseko flautak, bateriak, biolinak… era guztietako musika tresnak entzun ahal izan ziren Santa Anan ordu eta erdiko emanaldian zehar. Herri bakoitzeko talde bana edo gehiago egon zen han, eta bana edo bina kantu eskaini zuen talde bakoitzak.

Aukeratutako piezak ere era eta estilo guztietakoak izan ziren: Eskoriatzakoek soinu banda bi jo zituzten, Arrasatekoek pieza klasikoak (barrokoak), eta tartean kantu tradizionalak ere entzun ziren.

Esperientziak elkartrukatzeko

Oñatiko Jose Azpiazu musika eskolakoak izan ziren anfitrioi emanaldian eta, iaz legez, ekimenak arrazoi nagusi bi izan zituen: musika eskolak elkarren berri izateko aukera bat sortzea eta musika ikasle gazteek beste herrietan ere eurak moduko musika-ikasleak daudela erakustea eta beste herri baten jotzeko aukera izatea.

Horrela adierazi ziguten musika eskoletako arduradun guztiek, ekimena oso ondo baloratuz eta horrelakoekin jarraitzeko asmoz. Izan ere, “ez da izaten aukera askorik musikari gazte hauendako, herrian antolatzen diren emanaldiez gainera, kontzertuak eskaintzeko.

Beraz, herritik ateratzea eta eurak bezalako beste musikari batzuk ikusi ahal izatea lagungarria zaie”, adierazi ziguten. Harremanak sendotze aldera sortutako ekimena, beraz, Oñatin egin zutena eta, hara bildutakoen gogoa ikusita, hirugarrenez ere egingo dutena ia seguru.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.