Debagoieneko musika eskolek kontzertua eskainiko dute

Leire Kortabarria 2004ko aza. 26a, 12:44
Debagoieneko musika eskolek eta Plazentziakoak bat egingo dute gaur, egubakoitza, Oñatin, kontzertua eskaintzeko. Talde askok parte hartuko dute eta pieza herrikoiak, soinu bandak, gaur egunekoak eta konposatzaile klasiko eta ezagunenak ere, denetarikoak joko dituzte.

Iaz egin zuten Debagoieneko musika eskolek lehenengo taldeko emanaldia, Arrasaten. Emaitzarekin gustura geratu ziren, eta aurten bigarren edizioa egingo dute. Oñatiko musika eskolak antolatu du oraingoa. Herri horretako Santa Ana aretoan izango da emanaldia, 18:30ean, eta Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza, Oñati eta Soraluzeko musika eskoletako hainbat taldek esku hartuko dute. Sarrera doan izango da.

Musika eskoletako taldeak txandaka egingo dituzte emanaldiok -bakoitzak pieza batetik laura bitartean joko ditu, taldearen arabera. Flauta, biolina eta pianoa edo horiek bakarka, txistua, kitarra, ahotsa, akordeoia, bateria… horiek guztiak entzuteko aukera izango dute hara joaten direnek.

Alberto Etxeberriaren omenez

Eskualdeko musika eskoletako taldeek bestelako ekitaldiak ere badituzte egunotan. Gaur, egubakoitza, Arrasate Musikaleko ikasleek euren emanaldia egingo dute akademian, 18:30ean. Aldiz, bihar, zapatua, arrasatearrek kalejira egingo dute Aretxabaletako kaleetan, 18:00etan, Murrukixo mendi elkarteko kide Alberto Etxeberria zenaren omenaldi egunean.

Azkenik, Antzuolan, Santa Zeziliaren eguna pasa berri dela eta, abesbatzak emanaldia egingo du etzi, domeka, elizpean, mezaren ondoren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak