Nortasun handiko eta kalitate altuko taldeek jo zuten Danbakako hirugarren saioan

Leire Kortabarria 2004ko aza. 20a, 13:49
Bart gauean, bat egin zuten lehiakideen kalitateak eta motibazioak eta Espaloia kafe antzokian bildutako publikoaren jarrera bikainak (450 lagun inguruk bete zuten antzokia); emaitza izan zen orain arteko Danbaka lehiaketako saio bizienetariko bat.

Danbaka lehiaketa ondo finkatuta dago Debagoienean, eta hala erakutsi zuten atzo, egubakoitza, Elgetako Espaloia antzokira joan ziren 450 bat lagunek. Izas (Elgeta), Isarevolution (Arrasate eta Eskoriatza), Malenkonia (Oñati) eta Muted (Arrasate eta Abadiño) taldeak jotzera zihoazen, eta ikusmina handia zen aurreko egunetan. Emanaldiak ez zuen inoiz bertan behera utzi; eta publikoak ere ez zituen taldeak bertan behera utzi, izan ere, etengabe babestu eta txalotu zituen.

Doinu lasaiak eta gogorrak, txandaka

Baina taldeek ere ondo irabazten jakin izan zuten publikoaren berotasuna. Estilo aldetik, denetarik egon zen: Izas bakarlariaren eta Malenkonia boskotearen doinu lasaiagoak Isarevolution eta Muted taldeen estilo gogorragoarekin tartekatu ziren. Kalitate aldetik, hala ere, talde guztiek maila ona dutela erakutsi zuten, eta baita zuten dena emateko eta ondo pasatzeko gogo handia ere. Izasi egokitu zitzaion hastea, eta urduri zegoen, jaioterrian jotzen zuelako; hala ere, bikain aritu zen bere abesti intimista eta gitarra doinuekin eta, guztiaren gainetik, ahotsarekin eta abesteko modu zoragarriarekin.

Isarevolutionen rockak hartu zuen txanda. Zuzeneko bikaina eskaini zuten, eta rock oso pertsonala egiten dakitela erakutsi zuten, indartsuagoa batzuetan, melodikoagoa beste batzuetan. Gainera, agertokian konfiantza handia azaldu zuten. Bai eurek, bai entzuleek, primeran pasatu zuten. Nabarmentzekoa da ez dela ohikoa estilo horretan emakumezko bat abeslari izatea, kasu honetan moduan; horrek originaltasuna gehitzen dio talde horri.

Malenkonia oñatiarrek pop estiloa jorratzen dute. Nortasun handiko taldeen gauan, Malenkonia ez zen salbuespena izan. Pop sentimentala egiten dute, izan ere, emozioak oso ondo transmititzen dakite abestiekin. Lau lehiakideen artean, esperientzia gutxikoenak dira –bigarren emanaldia zuten atzokoa– eta hori sumatu zitzaien, baina, alor batzuk gehiago landuz gero, etorkizun oparoa dute.

Bukatzeko, doinu gogorrak izan ziren berriro nagusi, Muted boskotearen eskutik. Oso eszenaratze zaindua eta neurtua egin zuten, eta ikuskizun bezala oso ona zen. Horrez gain, taldea bera harrigarria da: estiloa guztien gustuko izan ez arren –metala, elektronikoa… uztartzen dituzte–, euren musikak harrapatu egiten du; batez ere alor instrumentalean, maila bikainekoak dira.

Asteleheneko Goienkaria

Bi astero bezala, Asteleheneko Goienkaria-n, hilaren 22an, Danbakako hirugarren emanaldiaren kronika, gorabeherak, talde bakoitzaren gaineko hainbat iritzi, ikusleek esandakoak eta argazki galeriaz gozatu ahal izango duzue lau orriko sail berezian. Bestalde, SMS bidezko bozketaren orain arteko emaitzak ere agertuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak