Arizmendi ikastola osoa, modeloen pare famatu askoren laguntzarekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2004ko aza. 15a, 12:57
Egun batez modelo lanetan aritu ziren Arizmendi ikastolako 140 ikasle, irakasle eta gurasoek Kilometroak 05eko neguko arropa erakutsi zuten Eskoriatzan.

Bariku iluntzean Eskoriatzako kiroldegia txiki gelditu zen bertaratu zen jende guztia hartzeko. Iragarri moduan, Arizmendi ikastolako ikasleek, irakasleek eta gurasoek Kilometroak 2005 festako txupinazoa ospatu zuten han, eta jakina da sortutako ikusmina handia zela. Sorpresaz beteriko ekitaldia izan zen, dibertigarria eta oso gertukoa Leintz bailarako herritar guztientzat.

Ikasleak, irakasleak, gurasoak eta aurpegi ezagunak

Alde batetik, ia Arizmendi ikastola osoa modelo lanetan aritu zelako. Kilometroak 05eko neguko arropa berria erakusteko desfilatu zuten ibiltoki gainean ikastolako 140 modelo baino gehiagok. Beste aldetik, etxekoekin batera, aurpegi ezagun askok desfilatu zuelako bariku iluntzean Eskoriatzako txupinazo festan.

Denetariko arropa; laster salgai

Beso luzeko eta motzeko nikiak, jertseak, prakak, gonak, galtzerdiak, berokiak, bufandak, txanoak, ilerako zintak, poltsak... kolore eta tamaina guztietako arropak aurkeztu zituen Arizmendi ikastolak barikuan. Eta nola gainera! Arizmendikoek koreografia dotore askoak prestatu zituzten ekitaldi honetarako.

Arropa hau guztia laster batean salgai aurkituko duzue Aretxabaleta, Arrasate eta Eskoriatzako dendatan. Aretxabaletan, Durana kalean zabalduko dute denda, Gurea tabernaren ondoan. Arrasaten, Ferrerias kalean, Tamayo paper dendaren parean egongo da saltokia, eta Eskoriatzan, berriz, Arana kalean, udaletxe parean.

Sorpresa ugari

Arizmendi ikastolak aurpegi ezagun askoren partehartzea lortu zuen Kilometroak 05eko txupinazo ekitaldirako. Aurkezpen lanak Maider Egues eta Asier Aranguren kazetariek egin zituzten. Arangurenek gogoan izan zituen bere ikasle garaian nola Kilometroetako arropa logotipodun nikiak besterik ez ziren. Gipuzkoako ikastolen festak hogeita zortzi urte beteko ditu aurten. Barikuan, lehen dezimetroa egin zen.

Arrasateko konpartsak eman zion hasiera ekitaldiari. Jarraian, Don Ikastol Kooperatibo jaunak hitzaldia bota zuen eta bi eskalatzaile gaztek Plazara! logoaren jaitsiera gauzatu zuten. Txupinazo festa osatzeko poema irakurketa, arropa desfilea, 120 euroko saria zozketatu zen eta, amaitzeko Ken 7 taldeko Eñautek xaboi ponpen artean kantatu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak