EAEko gero eta udal liburutegi gehiago sare orokor bakarrean sartzen ari dira, eta horrela egin dute baita Debagoieneko liburutegi guztiek ere. Txertaketa hori hainbat alditan egiten ari da EAEn. Arrasate, adibidez, lehenago sartu zen.
Horren bidez, liburutegietako bazkideek zenbaki bakarra izango dute sareko liburutegi guztietan erabiltzeko. Aldi berean, webgune honetan zenbakia eta klabe pertsonala sartuta, herri bakoitzeko zein sare osoko dokumentuen katalogoa ikusi, dokumentuak eskatu, epeak luzatu eta bestelako hartu-emanak egin ahal izango dira.
Egunotan, Debagoieneko liburutegi gehienak sistema berrira moldatzen ari dira. Bazkideen datu batzuk Interneten egongo direnez, abisatu egingo diete, legeak behartzen duelako baimena ematera. Oraindik ez dago esaterik sistema berria noiz egongo den prest, baina, seguruenik, datozen bi edo hiru hilabeteetan izango da.