Danbaka: Bigarren emanaldiaren gaineko kritikak eta argazkiak

Goiena 2004ko aza. 8a, 17:25
Denial, Neure Baitan, Dixie 900 eta Enboskada izan ziren Espaloiko taula gainean egubakoitzean. Death metal melodikoa, folk intimista, 80ko hamarkadaren zordun den pop maltzurra eta punk-rock konprometitua entzun ziren. "Goiena.net"-en bildu ditugu talde bakoitzaren emanaldiaren gaineko kritikak eta kontzertuko argazkiak.

Denial (Arrasate-Aretxabaleta)

Denial (Arrasate-Aretxabaleta)

Adituak esana / Ritxar Cuevas, musikaria

Musika estilo gogorra dute, hala ere, taldeari indar falta handia sumatu diot. Jarrera motela dute. Musika mota hori gustuko ez dudalako beharbada, nahiko hotz utzi nau euren emanaldiak.

Ikusleek esana / Amaia Larrañaga

Zuzeneko indartsua dute eta, nire gustuko estiloa ez den arren, taldea ona da. Musika benetan bizi dute eta dena eman dute agertokian. Hori bai, abeslariak hobetu beharra dauka, eta horregatik gustatu zait Heriotzaren deia abestia: instrumentala zelako.

Kazetariak esana / Leire Kortabarria

Death metal melodikoaren generoan zeresan handia izango du Denial-ek, egubakoitzean erakutsitako norabidetik jarraitzen badu. Abeslariak ondo egokitu zuen ahotsa estilora: urratua eta sakona. Arlo instrumentala borobil landu zuten eta eszenaratze oso zaindua egin zuten. Emanaldi bikaina.

Taldekideek esana

Gustura geratu gara, jendeak ondo pasatu duela ikusi dugulako, eta hori garrantzitsua da guretako. Bestalde, lekua primerakoa da, agertokia ere egokia da… Pozik gaude, bai.

Neure baitan (Arrasate)

Adituak esana / Ritxar Cuevas, musikaria

Oso-oso motel ikusi ditut, batere indarrik gabe. Lehiaketarako aukera gutxirekin ibiliko dira, nire iritziz.

Ikusleek esana / Amaia Larrañaga

Ez du ahots aproposa, eta gozakaiztu, desafinatu egin du une askotan. Hori dela eta, emanaldia astuna egin zait. Alde onean, aipatuko dut iparraldeko baladak eman diola bizitasun pixka bat, bukaeran. Nabarmenduko nuke baita biolinistaren eta soinujolearen arteko bat-etortze bikaina. Horrez gain, gauza gutxi eman du kontzertu honek.

Kazetariak esana / Leire Kortabarria

Nabaria zen Koldo Altuna abeslari eta gitarra-jolearen eta bere musikarien larritasuna agertokian, eta horrek saioa zapuztu zuen guztiz. Pena da, errepertorio polita zuelako, euskal eta zeltar folk ukituko balada intimistekin. Onena, ipini zuten gogo handia eta musikarien koordinazioa.

Taldekideek esana

Oso gaizki aritu gara. Izan ere, oso urduri geunden: formazio honekin jotzen dugun lehen aldia da, abestiak ere berri samarrak dira zuzeneko baterako, eta lehiaketa izateak ere eragin digu. Bukaeran bakarrik disfrutatu dugu pixka bat.

Dixie 900 (Bergara)

Adituak esana / Ritxar Cuevas, musikaria

Apur bat totelak iruditu zaizkit Dixie 900ekoak. Uste dut agertokian trebetasuna falta dutela, eta zurrun samar ibili dira hor goian. Hala ere, gustatu zaizkit, izan ere, talde freskoa da.

Ikusleek esana / Amaia Larrañaga

Ikusmin handia sortu dute hasieran, baita neuri ere, izan ere, estilo hori gustatu egiten zait; Alaska gogorarazi didate. Abestiak oso landuak ziren, eta musika aldetik oso onak dira. Baina eszenaratzea, ez ardo ez ur. Eta abeslariek ere ez zuten taldearekin bat egiten.

Kazetariak esana / Leire Kortabarria

Arlo instrumentala, abestiak, letrak… primerakoak dira, ilunak, sentimendu handikoak, erakargarriak. Baina abeslariak motel ibili ziren eta eszenaratzean ere ez zuten asmatu. Horrek galarazi zuen taldeak bere benetako maila erakustea.

Taldekideek esana

Geu oso pozik geratu gara gure buruarekin, izan ere, sentimendu handia ipintzen diegu gure abestiei, letrei, eta baita zuzenekoei ere. Gure estiloa ezohikoa da, badakigu, eta harrotasunez daramagu hori. Bestalde, lekuak txundituta utzi gaitu, eta dena oso ondo antolatuta egon da.

Enboskada (Arrasate)

Adituak esana / Ritxar Cuevas, musikaria

Ez didate aparteko inpresiorik egin, ez onerako, ez txarrerako. Gatz barikoak iruditu zaizkit. Soinu arazoek ere kalte egin diete, izan ere, gitarristari ez zitzaion batere ondo entzuten.

Ikusleek esana / Amaia Larrañaga

Gaua bukatzeko modu ona izan da Enboskadaren emanaldia, izan ere, antzokiko giroa berotu dute eta publikoak eurekin bat egin du. Eszenaratze indartsua izan dute, eta talde freskoa iruditu zait. Batez ere, abeslariaren lana azpimarratuko nuke, izan ere, karisma handia zuen.

Kazetariak esana / Leire Kortabarria

Kemena, gaztetasuna eta euren zale mordoarekin ondo pasatzeko gogoa zerien, eta bukaera gozagarria ipini zioten gauari, kafe antzokia gaztetxe bihurtuta. Naturaltasunak eta euren arteko elkar-ulertzeak lagundu zieten soinu arazoei edo urduritasunari modu onean aurre egiten.

Taldekideek esana

Gu oso eroso eta gustura ibili gara eszenatokian. Burrundara handia zegoen eta gu geu ez gara larregi konturatu zelan jotzen ari ginen, baina bueno. Txarrena da azkeneko irten garela eta oso urduri geundela ordurako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak