Barietatea eta ezuste atseginak Danbakako bigarren emanaldian

Leire Kortabarria 2004ko aza. 6a, 14:43
Danbakako bigarren emanaldiak, egubakoitzean, agerian utzi zuen berriro Debagoieneko musika aberastasun eta barietatea: lau taldek jo zuten, bakoitza estilo banakoa, eta sentimendu eta bizitasun handiko gaua osatu zuten.

Denial (death metal melodikoa), Neure Baitan (pop-folk intimista), Dixie 900 (pop iluna) eta Enboskada (punk rocka) taldeen txanda izan zen atzo, egubakoitza, Danbaka Debagoieneko I. Musika Lehiaketan. Lehenengo emanaldiak azaldu zuen zerbait berretsi zuen atzoko saioak: hain zuzen, Debagoienean musika estilo guztietarako lekua dagoela. Horren haritik, ezohiko doinuek bete zuten Elgetako Espaloia antzokia, eta jende askorendako ustekabeak egon ziren. Atseginekoak edo ez, hori norberaren esku geratu zen.

Taldeak, banan-banan

Gaua indartsu hasi zuten Denial taldeko arrasatear eta aretxabaletarrek. Death metal melodikoa apustu arriskatua da gurean, baina zale kopuru handia zuten euren alde, eta gainerako publikoan ere denetariko erreakzioak egon ziren. Euren estiloa ez da beharbada entzuteko errazena, baina estilo horren barne, talde bikaina direla erakutsi zuten. Oso emanaldi ona izan zen eurena.

Segidan, zorte handirik izan ez zuen talde bat: Neure Baitan. Koldo Altuna arrasatearra eta bi musikari lagunak -Xabier Arakama soinujolea eta Nika Bitchiashvili biolinista- oso urduri zeuden, eta urduritasun horrek ilundu egin zuen euren emanaldia. Bukaera aldean izan zuen indar handiena. Errepertorioa polita zen, balada intimistak gehienbat, eta publikoak, urriagoa izan arren, txaloekin eskertu zuen euren ahalegina.

Dixie 900 bergararrak izan ziren gaueko ezuste handiena. Pop iluna jorratzen dute, 80ko hamarkadako ukitu nabarmenarekin. Abestiak oso onak dira; musika aldea oso landua dute, eta letrak ilunak, misteriotsuak eta erakargarriak dira. Talde bikaina da, horregatik guztiarengatik, baina abeslariak ez ziren fin ibili, eta eszenaratzea ere ez zen ona izan. Hala ere, publikoa pozik geratu zen.

Azkenik, Enboskadaren gaztaro eta freskotasunak itxi zuen gaua, baita modu beroan itxi ere: jarraitzaile talde ederraren laguntzarekin, emanaldi bizia eta beroa egin zuten, indarrez betetako doinu eta mezuekin.

Asteleheneko Goienkaria

Hilaren 8an, astelehena, kontzertuen kronikak, argazki galeriak eta taldeen gaineko hainbat iritzik osatuta, Danbakaren gaineko sail berezia izango da Asteleheneko Goienkaria-n. Horrez gain, SMS bidez egindako bozketa orain arte zelan dagoen ikusi ahal izango duzue.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak