Danbakako lehenengo emanaldien gaineko kritikak eta argazkiak

Goiena 2004ko urr. 25a, 20:25
Danbaka lehiaketako lehenengo kontzertua izan zen joan den egubakoitzean. Potemkin, Amonal, Jim TNT eta Matxura izan ziren lehiaketa estreinatu zutenak. Espaloia Kafe Antzokian bildutako ehunka lagunek bikain pasatu zuten lau taldeekin. Goiena.net-en bildu ditugu talde bakoitzaren emanaldiaren gaineko kritikak eta kontzertuko argazkiak.

Potemkin (Oñati)

Potemkin (Oñati)

  • Adituak esana / Aitor Aldanondo, musikaria: Oso ondo aritu dira, indartsu, soinu konpaktua eginez. Axibar abeslari berria dutenetik, indarberrituta dabiltza, asko irabazi dute talde bezala, denbora batez abeslari gabe ibili ostean. Energia handiko emanaldia egin dute; bukaera aldera, apur bat monotonoa beharbada, baina estilo hori gustuko dutenek disfrutatuko zuten.

  • Ikusleek esana / Igor Azkarate: Batez ere arlo instrumentalari begira, oso onak iruditu zaizkit. Abestiak azken boladako rock gogorraren ildokoak izan dira.
  • Kazetariak esana / Leire Kortabarria: Zuzeneko piztiak dira, gustatzen zaie, eta musika eta baita eszenaratze aldetik, sekulako ikuskizuna egin zuten, kutsatu egiten zen erritmo eta energiarekin. Lehiaketako maila oso altu ipini zuten hasieratik. Oso kontuan hartzeko taldea.
  • Taldekideek esana: Gure betiko norabidetik ibili gara. Gustura jo dugu, ondo sakatuaz, guri gustatzen zaigun bezala. Entseguak ere egin genituen, eta han egindakoari begira, ondo jardun dugu. Urduritasun pixka bat beti da ona oholtza gainean duzun guztia emateko.

Amonal (Oñati)

  • Adituak esana / Aitor Aldanondo, musikaria: Ondo ibili dira, nahiz eta une batzuetan koordinazio falta igartzen zen taldekideen artean. Punk klasikoa egin dute. Emozioz betetako une batzuk izan dira, batez ere bi oñatiar eurekin batera abestera igo direnean agertokira.

  • Ikusleek esana / Igor Azkarate: Eskola zaharreko taldea da, oso freskoa. Ondo pasatzera irten direla iruditu zait, formazio akademikoari garrantzi gutxi emanaz. Soinu aldetik, baina, zorte txarra izan dute, izan ere, abesti batzuk oso gaizki entzun dira.
  • Kazetariak esana / Leire Kortabarria: Taldekideek, euren artean eta ikuslegoarekin, kimika bikaina erakutsi zuten. Emanaldia irregularra izan zen, baina bizitasun handiko uneak ere lortu zituzten, batez ere hasieran.
  • Taldekideek esana: Uztailaz geroztik bi aldiz entseatu dugula kontuan hartuta, gure errendimendua oso altua izan da. Gustura ibili gara; ordu erdia motz geratu zaigu. Oholtzatik bertatik, soinua ez zen oso ona, baina esan digute kanpotik askoz hobeto entzuten zela. Oñatiko jende asko zegoen eta publikoak ondo erantzun digu.

Jim TNT (Arrasate)

  • Adituak esana / Aitor Aldanondo, musikaria: Rock lasaia, klasikoa, egin du Jim TNTk. Umila eta xaloa iruditu zait, eta ondo egon da. Nik neuk kontzertu sortaren hasieran ipini izango nukeen, uste dut hor tarte egokiagoa eduki izango zukeela. Emanaldiaren gauza txarrena zen emozioak hartzen zuenean erritmoa asko bizkortzen zuela, baina tira.

  • Ikusleek esana / Igor Azkarate: Egia esanda, asper-asper eginda utzi nau emanaldiak. Nik uste dut Jim TNTk lehenengo irten behar izango zukeela. Ordenak kalte egin dio.
  • Kazetariak esana / Leire Kortabarria: Gitarra eta harmonikarekin harmatuta ausartu zen Jim TNT agertokira, eta han, hazi egin zen. Emanaldi bikaina egin zuen, lasaia eta gustagarria. Musika tresnak eta ahotsa ondo orekatu zituen.
  • Bakarlariak esana: Nire bigarren zuzenekoa izan da, eta neure buruarekin oso gustura geratu naiz; egia esan, espero nuen baino askoz hobeto, ezin izan dut eta nahi bezainbat entseatu. Aretoko soinu baldintzak egokiagoak ziren taldeendako rock akustikoa egiten duen bakarlari batendako, baina hala ere, lekua oso ondo zegoen.

Matxura (Elgeta eta Soraluze)

  • Adituak esana / Aitor Aldanondo, musikaria: Kontzertu ona eskaini dute. Musika lasaia egin dute, eta eurak ere etxean zebiltzanez, lasaitasun horrekin jo dute. Hauen ordena, laugarrenak, ez zait egokiena iruditu, Jim TNTren kasuan bezala, eta akaso horrek kalte egin die eurei ere. Oro har, pop-rock lasai estiloko saio ona izan da.

  • Ikusleek esana / Igor Azkarate: Taldekide bat elgetarra da, eta taldea bera, musika aldetik ere, ondo ezagutzen dut. Pop estiloko taldea izateko, oso onak. Pixka bat arinegi hasi dira akaso, baina ondo aritu dira, bai.
  • Kazetariak esana / Leire Kortabarria: Etxean egoteak eta euren buruarekiko konfiantzak konpentsatu zuten azkeneko jo behar izana. Taldea bera ona da eta gustura aritu zen taula gainean. Pop dotorea egin zuten, rock ukitu batzuekin.
  • Taldekideek esana: Pozik geratu gara, ondo jo dugula uste dugu eta. Ordu erdian eman digu astia aukeratuta genituen abestiak jokatzeko. Zegoen giroa ere gustatu zaigu, eta Plazentzia eta Elgetako jende ugari ikusi dugu. Larregi entseatu gabe etorri gara, baina joan den astean Arrasaten jo genuen eta horrek entsegu bezala balio izan digu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak