Debagoienak primerako harrera egin zion Danbakaren estreinaldiari, eta 400 lagunetik gora bildu ziren bart gauean Elgetako Espaloia Kafe Antzokian. Han jo zuten Potemkin (Oñati), Amonal (Oñati), Jim TNT (Arrasate) eta Matxura (Elgeta eta Soraluze) taldeek. Estilo desberdinak jorratzen zituzten (rock gogorra, punka, rock akustikoa, pop-rock lasaia ) eta, oro har, maila altua erakutsi zuten eta lehiaketan egotea merezi dutela argi geratu zen. Talde horiek guztiek emanaldi bakarrean, segidan, uztartzea ere ez zen erraza, baina osoko emaitzak ez zuen horregatik sufritu eta jendeak oso iritzi onak azaldu zituen bukaeran.
Talde bakoitza zelan aritu zen
Kontzertua 23:00ak inguru hasi zuen Potemkin laukoteak. Indartsu eta gogoz aritu ziren, eta finalerako aukera handiak izango dituzte. Bigarren, Amonaleko euren herrikideak pasa ziren agertokira. Lehiakor baino, ondo pasatzeko asmotan irten ziren, baita lortu ere; zaleak ere gustura ibili ziren. Segidan, Jim TNT arrasatearrak rock akustiko emanaldi bikaina egin zuen, talde klasikoen bertsio hunkigarriekin. Azkenik, Matxuraren pop-rock lasaiak borobildu zuen gaua. Azkeneko postuan jotzeak mesede egin ez zien arren, kalitateko taldea dela erakutsi dute.
Asteleheneko Goienkarian, kronika
Urriaren 25eko Asteleheneko Goienkaria-n, zapatuko kontzertuaren kronika osoa, argazki galeria eta ikus-entzuleen iritziak irakurri ahal izango dira lau orriko tarte berezi batean. Ez hori bakarrik: talde bakoitzaren emanaldiaren gainean, taldearen beraren iritzia, aditu batena, ikusle batena eta kronikalariarena agertuko dira. Eta baita orain arte jasotako SMSen emaitzak.