Mondragon Unibertsitateak 2004-2005 ikasturtea inauguratu du

Arrasateko Amaia Antzokian izan da inaugurazio ekitaldia. Politikari ugari izan da bertan, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, eta Anjeles Iztueta sailburua, horien artean.

Mondragon Unibertsitateko lehendakari Jesus Goienetxek aurreko ikasturteko memoria akademikoa aurkeztu du. 2003-2004 ikasturtean unibertsitatean matrikulatutako ikasleak 4065 izan ziren, 2002-2003 ikasturtean baino %5,22 gehiago, orotara. Graduko tituluetan matrikulatu ziren gehienak, %60 Goi Eskola Politeknikoan, %22 Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, eta %18 Enpresa Zientzien Fakultatean. Titulazioei dagokienez, 2003-2004 ikasturtean 2 titulazio berri sortu ziren: Heziketa Fisikoan espezializatutako irakasle ikasketak HUHEZIn, eta Enpresa Zientzietan Diplomatura Irungo campusean. Hala, MUk eskaintzen dituen graduko titulazioak 20 dira egun.

Mendeberri proiektua

Ikasleen eta titulazioen gaineko datuekin batera, Mendeberri proiektua izan du hizpide Jesus Goienetxek. Zentzu horretan, karrera batean beti eskuratzen ez diren gaitasunak eta baloreak ikasleei helarazteko ahalegin handiak egiten dituztela azaldu du, eta orain arte abian jarritako esperientzia pilotuetan lortutako emaitzak zeharo positiboak izan direla gaineratu.

Beste puntu batzuk ere mahairatu dituzte gaurko saioan. Hala nola, ikasturte honetan bertan Euskalitekin sinatutako lankidetza hitzarmena; 2003 eta 2008 bitarteko denboraldian aurrera eraman beharreko hainbat helburu jasotzen dituen Kontsolidazio Plana; eta irakasleek ikerketa lanetan emandako denbora.

MUko errektoreak, MCCko lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak ere hartu dute hitza ikasturte berriaren inaugurazio ekitaldian:

  • Inaxio Oliveri, MUko errektorea: “Ikasturte berria ez da ikasturte bat gehiago soilik, euskal gizarteari unibertsitate proiektu sozial, moderno eta berritzailea eskaintzeko erronkan, kooperatiben munduak egin duen apustuan beste aurrerapauso bat baizik”.
  • Jesus Catania, MCCko lehendakaria: “MCCren sorreraren oinarria hezkuntza izan zen, eta harrezkero hezkuntzaren alde egiteko konpromisoari eusten diogu”.
  • Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria: “Euskal unibertsitateen sistema estrategikoa da, eta elkarrekin aurrera egiteko une historiko batean gaude. Unibertsitateen alorrean eskuduntza izatea garrantzitsua da oso”.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.