GOITB eta Arrasate Irratiko programazioa Goiena.net-en

Goiena 2004ko urr. 6a, 12:30
Goiena Telebistako eta Arrasate Irratiko programazioaren berri izango da egunero Goiena.net-en. Egunean zehar bai telebistan eta bai irratian eskainiko diren saioen berri jasoko da, eguneko edukia zehaztuz. Bai GOITB eta bai Arrasate Irratia berrikuntza ugarirekin datoz.

Goitb eta Arrasate Irratiko programazioek atal finko bana izango dute Goiena.net-en gaurtik aurrera. Portadan, goiko aldeko menuan daude atal berriak:

Arrasate Irratia

Aste honetan ekin diogu Arrasate Irratian udazken-neguko saioei. Hori dela, San Juanetan garajean sartu genuen autobusa berriz ere uhinetan abiatzeko prest dago. Udan konponketa batzuk egin ostean, indar berrituta dator 107.7ko autobusa.

Aldaketa edo berrikuntzen artean aipatzekoa, autobusaren irteera ordua. Iaz goizeko 10:00etan hasten bazen, aurten goizeko 09:00etan hasten du irratiko autobusak eguneko ibilbidea. Geltokiz geltoki ibiliko da autobusa goizeko 11:00ak bitartean. Geltokiak aipatuaz, batzuk iaztik ezagutzen ditugunak badira ere, aurten beste batzuk estreinatuko ditugu; Metereologiaren geltokia Pello Zabalarekin (hamabostean behin), besteak beste.

Beste aldaketa garrantzitsu bat eguerdian egingo dugun zorion agurren tartea, arratsaldeko 17:20an errepikatuko duguna. Parte hartzera animatzen ditugu entzule guztiak! Telefonoa hau da: 943 71 17 31.

GOITB

Adin guztietako publikoari zuzenduriko programazioa osatu da oraingoan GOITBn. Berrikuntza ugari datoz ikasturte berrirako. Horrez gain, aldaketa nagusia, itxuran egongo da. GOITBk irudi modernoagoa izango du.

Batetik, hainbat dekoratu aldatu ditugu, eta bestetik, saio berriak ikusiko ditugu. Beti moduan, baina, albistegiak izango dira parrillako ardatz. Eta horiek ere, itxura berria izango dute.

Argiak, zehatzak eta zuzen-zuzenekoak. Horrelakoak dira GOITBko albistegiak, Berriak. Joan den urteko maiztasun bera izango dute. Eguerdian izango dituzue lehenengo albisteak eta iluntzean azkenak. Edonola ere, ordutegi aldaketa bat egon da. Eguerditan, 14:15ean hasiko da Berriak saioa eta ez orain arte moduan 14:30ean. Aurkezleen aldetik ere aldaketak daude. Gorka Etxaberen lekua Oihan Vegak eta Julen Iriondok beteko dute eguerdian. Iluntzean, berriz, Deiane Arrietak jarraituko du.

Gaurkoak tartean ere ez da aldaketarik egongo. Aurkezle gabeko albistegi saioa izaten jarraituko du. Informazio alorrean, Behazulo saioak ere tarte nabarmena izango du. Goiatz Arana kazetariak gaur egungo gaiak landuko ditu luze eta zabal. Bestalde, iazko programazioa ere berreskuratuko da. Hor izango ditugu, besteak beste, Ilunpean elkarrizketa saioa, mahainguruak, Harmailatik kirol saioa… gertuko informazio guzti guztia ikuslearen eskura.

Edonola ere, oraingo ikasturtean GOITBk ahalegin berezia egin du umeei eta gazteei zuzendutako programazioan. Berrikuntzetako bat marrazki bizidunak dira. Egunero, 13:50ean eta 20:30ean eskainiko dituztenak. Telesailak ere, izango dute tartea. Hasteko, Joselontxoren histori dibertigarriak Bi eta Bat telesailean.

Aipatutakoak baina ez dira berrikuntza bakarrak izango. Jakinminez gelditu bazarete, Piztu Goiena Telebista.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak