Arizmendiri pasatu zion atzo Kilometroen lekukoa Zarautz-Oriok

Monika Belastegi Aranzabal 2004ko urr. 4a, 11:10
Milaka lagunek osatutako "olatu berriak" guztiz hartu zituen atzo Zarautz eta Orio. Arizmendikoak ere han izan ziren 2005 urteko ikastolen festa antolatzeko lekukoa hartzen.

Urte osoa prestakizunetan egon ondoren, erantzun ezin hobea jaso zuten atzo, domeka, Zarautz eta Orioko ikastolek euren egun handian. Kilometroak 09:30ean hasi zen, eta ordu erdi batera jendetza handia zebilen ibilbidearen 14 kilometroak egiten. Eguraldia gainera, aparta izan zen, eta antolatzaileak pozik azaldu ziren.

Lekukoa arizmendiri

Zarautz-Orioko Kilometroak jaiak atzo izan zuen arrakasta ikusita halakoxea nahiko lukete datorren urteko ekitaldiaren antolatzaileek, Arizmendi ikastolakoek. Izan ere, Debagoienean izango da 2005ean Kilometroak jaia, Leintz bailaran, hain justu ere, eta Arizmendi ikastola arduratuko da guztia antolatzeaz. Atzo egin zuten ofizial: Joserra Zubizarreta Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko presidenteak lekukoa eman zienean Txaro Iraeta Arizmendi ikastolako zuzendariari eta Mikel Lezamiz presidenteari.

Aurrelan handia

Halako jaiek lan handia dute, ezin da lo geratu, eta Arizmendikoek badihardute dagoeneko prestakizunetan. Logotipoa –eurak kontzeptua esaten diote– eta leloa badituzte: grafiti baten gainean marraztutako Plazara hitza da, hain zuzen, aukeratutako leloa, Arizmendi osatzen duten hamaika guneetan galdeketa egin ondoren erabakitakoa.

Gipuzkoako ikastolen jaia prestatzeko, hainbat lantalde osatu dituzte: salmenta taldea, arte eta sormen taldea, kirol taldea, zirkuitu taldea... Antolatzaileen esanetan, dagoeneko 500 boluntariok eman dute izena. Gainera, antolatzaileek zera nahi dute: “bakoitzak gehien gustatzen zaion eta ondoen egokitzen den arloko lan taldean ematea izena”. Bestalde, urtean barrena lan egiteko 800 bat boluntario beharko dituztela gaineratu dute. Hala, interesa dutenek telefono zenbaki hauetara dei dezakete: 943 79 31 32 edo 943 77 20 25. E-postaz ere eman daiteke izena: kilometroak05@arizmendi.ikastola.net.

Ilusio handia

Antolatzaileek ilusioz dihardute eta uste dute aukera hau ezin hobea dela Arizmendi gorpuzteko eta ikastolarendako dirua lortzeko. Izan ere, esan dute askoren ustearen kontra Arizmendik ere dirua behar duela, “handitasuna ez da berdin aberastasuna” gehitu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak