Iaz baino turista gehiago ibili da udan Debagoienean

Amagoia Lasagabaster 2004ko ira. 2a, 12:10
Oñatiko eta Bergarako turismo bulegoetan bisitari kopurua %10 igo da. Jatorriari dagokionez, azken urteetan moduan gehienak katalanak izan dira.contributors:

Oñati, Bergara, Arantzazu eta Leintz Gatzagako turismo bulegoetako arduradunak pozik azaldu dira udako kanpainarekin. Abuztuan batez ere, jende ugari ibili da Debagoieneko bazterrak ezagutzen.

Oñatiko eta Bergarako bulegoetakoek oraindik ez dute balorazio orokorrik egin, baina, dagoeneko esku artean dituzte datu batzuk.

Bergarako turismo bulegoa

Bergarari dagokionez, aurten 2.182 lagunek jo dute hango bulegora. Ekainean, 549 bisitari izan ziren, uztailean 605 eta azkenik abuztuan 1.028. Iazko datuekin alderatuz, aurtengo udako kanpainan %10,6 turista gehiago izan dira. Horietatik, batzuei bisitaldi gidatuak eskaini diete. Guztira, 600 bat lagunek ikusi dituzte bergarako monumentu eta bazterrak.
Bisitarien jatorriari dagokionez, gehienak, abuztuan batez ere, katalanak izan dira. Hurretik, jarraitu diete, baina, Madrildarrek ere. Nazioarteko turismoari dagokionez, Frantsesak, Italiarrak eta Ingelesak etorri dira Bergarara.

Oñati

Oñatik, bestalde, askoz bisitari gehiago jaso ditu, 5.270. Ekainean, 1.975 lagun izan ziren hango bulegoan. Uztailean 1.320, eta abuztuan 1.975. Oñatin ere, iazko datuekin alderatuz, turista kopuruaren %10 igo da. Bisitaldi gidatuak eskaini dituzte, baita Natur Ibilbideak ere. Bietan jende ugari ibili da eta gustura daude izandako emaitzarekin. Batez ere, katalanak izan dira nagusi Oñati aldean ere. Espainiako Estatutik etorritako turista kopurua %60 izan da eta horietatik %24 osatu dute katalanek. Nazioartekoek %15 osatu dute eta gehienak Italiarrak izan dira.

Arantzazu eta Leintz Gatzaga

Oñati aldean, Arantzazuko bulegora ere jo dute kanpotarrek. Han ere gustura azaldu dira izandako harrerarekin. Hala ere, oraindik ez dute daturik bildu. Irailean, Arantzazuko Amaren eguna dela eta jende ugari hurbiltzen baita oraindik bertara.

Azkenik, Leintz Gatzagako bulegoan, abuztuan izan dute lan handiena. Orduan, 300 lagunek bisitatu zuten herria eta Gatz fabrika. Katalanak, valentziarrak, madrildarrak... denetarik izan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak