Hiltegiak kaltetutako baserritarroi laguntzeko neurriak aurreikusten ditu Mankomunitateak

Leire Kortabarria 2004ko uzt. 16a, 15:53
Hiltegiaren auziak kaltetutako baserritarr eta abeltzain txikiei laguntzeko hiru neurri proposatu ditu Mankomunitateak. Horiek aurreikusitako neurriak dira, baina hilaren 28ko Gobernu Juntan landuko dute berriro gai hori.

Mankomunitateak hiru neurri proposatu ditu hiltegiaren auziak kaltetutako ibarreko baserritarroi laguntzeko. Betiere, abere azienda txikia duten baserritar eta abeltzainendako laguntzak lirateke. Honakoak dira proposamenok:

  • Ganadua Euskal Autonomia Erkidegoko beste hiltegi batzuetara eramateak dakarren gainkostoa ordaintzea, baserritarrok behar duten aholkularitza eskainiz.
  • Zubillagako instalazioak gordetzea urtebetez, erabileraren gaineko proposamenen zain. Mankomunitateko iturriek diotenez, hiltegia itxi egiten bada, instalazioak bere horretan gordeko lirateke.
  • Debagoieneko abeltzain eta baserritar guztioi aukera guztien gaineko informazioa ematea; besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailaren neurrien gainean. Horren helburua da, Mankomunitatearen esanetan, "behin betiko konpontzea haragiaren produkzio eta merkaturatzearen arazoa".

Mankomunitateak honakoa dio: "Jakin badakigu haragiaren produkzioa prozesu ekonomiko luzea dela, eta kate luze honetan, mailarik ahulena baserritar txikiarena da." Honako datua ematen du: abelburua harategian 2.100 eurotan saltzen bada, abeltzainak horretatik 900 bakarrik jasotzen du.

Hilaren 28ko batzarraren zain

Gogoan hartu behar da horiek aurreikuspenak direla, eta ezer ez dagoela erabakita. Izan ere, Mankomunitateak hilaren 28an egingo du batzarra, eta hor landuko du berriro hiltegiaren gaia. Ordurako, ibarreko udal bakoitzak erabakita izan beharko du bere jarrera zein den.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak