Saharako Errepublika Demokratikoko Gobernua Mundukiderekin

Joan den astean Mundukide Fundazioak Saharako Gobernuko ordezkaritzaren bisita hartu zuen bere egoitzan, Otaloran, Aretxabaletan. Bisitaldia, Saharar Herriarentzako Tokiko Garapen Ekonomikoa Bultzatzeko Programaren barruan kokatzen da.

Etorri zirenak, Mohamed Embbarek (Saharako Gobernuko Kooperazio Ministeritzako Delegatua) eta Salek Omar (Ministeritza bereko Proiektu arduraduna).

Aipatutako Programa honetan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Lan Sailak, Herri Sahararraren Lagunen Elkarteak, Hegoa Institutoak, MUko LANKI Istitutoak eta Mundukide Fundazioak. Oraingoz hasiera fasean dago programa. Aipatzekoa da, oraintsu, Hegoa eta Mundukideko ordezkaritza Arjeliako kanpamentuetan izan dela Programa honetako lehenengo azterketa lanak egiteko.

Otaloran izandako batzarrean batutakoak, Programaren helburuak lortzeko, datozen hilabeteotan eman beharreko urratsak zehazteko lanetan ibili dira.

Aurrekariak

Sahararrek 25 urte daramate errefuxiatuta Arjeliako basamortuan. 1991 urtera arte Marokorekin borroka armatuan ibili ziren. Urte hartan pake hitzarmena sinatu zuten alde biek autodeterminazio erreferenduma egitearen truke. Konpromiso hau, ONUren erresoluzio batean jasota dagoen arren, Marokok ez du inoiz bete izan. Guzti horregatik, sahararrek desertuan errefuxiatuta jarraitzen dute, egoera latzean eta behin behinekotasun mugagabean. Esan liteke ez daudela ez pakean ezta gerran ere.

Ekoizpen ekimenak

Lehenago aipatutako egoeran bizi ahal izateko nazioarteko laguntza handia jaso dute urteetan zehar saharauiarrek, tartean zenbait euskal erakundeena ere bai. Hala ere, badira urte batzuk, herri sahararrak produkzio, komertzial eta prestakuntza ekimen ezberdinak abiarazi dituela, iniziatiba beraiek hartuz. Guzti honekin, beren komunitateak garatu, burujabetasun ekonomikoa lortu eta, betidanik, beduinoek euki izan dituzten ohitura produktibo eta komertzialak berrindartu nahi dituzte. Pausu erabakiorra izango da bazeuzkaten trebetasunak errekuperatzen joateko eta berriak sustatzeko. Guzti horrezaz gain, duintasuna izateko eta, bai desertuan dauden bitartean zein beren lurretara itzultzen direnerako, subiranotasun maila handiagoa eukitzeko balio izango du.

Programa

Errefuxiatu guneetan sortu diren ekimen ekonomikoetan dauka abiapuntua egitasmoak. Bi lan ildo nagusi ditu: Merkataritza eta Ekoizpen Proiektuen Garapena eta Lanbide Prestakuntzarako Plangintza. Lehen atalean, azpimarra daitezke, ibilgailuak konpontzeko tailerrak, oihal, alfonbra, erropen... salerosketa eta nekazaritza zein abeltzaintza: ahuntzak eta gameluak eta ortu txikiak. Esan beharra dago bestalde, Saharako Gobernuak iniziatiba guzti hauek arautu egin nahi dituela. Batetik, herritarren arteko ezberdintasunak ekiditeko, eta bestetik, etekinak errefuxiatutako komunitateetan banatzeko. Inguru hartan jaio eta garatzen diren proiektu gehienetan saharar emakumea motore dela azpimarratu behar da. Prestakuntzari dagokionez, euren garapen ekonomikorako beharrezkoak diren ikasketa batzuk martxan daude, hauek ere emakumezkoek bultzatutakoak normalean. Orain da unea, estrategikoki, garapen ekonomikorako beharrezkoak izango diren trebetasunak aurrikusi eta egituratzeko.

Mundukideren ekarpena

Bide eta egitasmo honetan, Mundukide Fundazioak, enpresa komunitario-kooperatiboentzako antolaketa, kudeaketa eta formaziorako esperientzia zein jakitea jarri dezake. Horixe da Mundukideren kooperaziorako eredua, lekuan bertan ernetzen diren proiektu produktibo komunitarioekin elkarlana eta garapen bidea egitea. Lehendabiziko lana beraz, kanpamentuetan sortzen dabiltzan ekimenak ezagutu eta aztertzea izango da, ondoren, interkooperazioan lan egin ahal izateko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.