4x4 trakziodun autoek ikuskizun ederra emango dute bihar arratsaldean Bolibarren. Eskoriatzako Motorzale Elkarteak antolatuta, 30 partehartzaile inguru izango dira bihar euren autoekin daukaten trebetasuna erakusten; kanpotik gidari asko etorriko badira ere, asko ibarrekoak izango dira.
Antolatzaileen esanetan, horrelako probetan abiadura ez da garrantzitsuena, autoa gidatzen trebea izatea da balio duena. Biharko proban hiru kategoria izango dira. Lehenengo kategorian serieko autoek hartuko dute esku. Bakoitzak gura duen gurpilak erabili ahal izango ditu, baina autoak ezin du hobekuntza nabarmenik izan. Bigarren kategorian hobetuak izan diren autoak ditugu. Auto horietan hainbat hobekuntza egin daitezke, suspentsio garaiagoak jarri... Eta, azkenik, prototipoen kategoria dago. Kategoria horretan autoari hainbat moldaketa egin dakizkioke: xasiz-a moztu, adibidez.