Inoizko abstentzio handiena, Jeltzaleak nagusi eta HZk emaitza onak

Debagoieneko emaitza guztiak jaso ditugu eta baita Hego Euskal Herrikoak ere. Abstentzioa inoizko handiena izan da gaurko hauteskundeetan Debagoienean (%56,3), baina beste behin jeltzaleak nagusitu dira, eta HZk oso emaitza onak lortu ditu. Asteleheneko Goienkariak grafiko eta datu guztiak emango ditu.

Alderdi guztiek irabazi ohi dute hauteskundeetan. Behintzat, inork gutxik onartu ohi du galtzaile izan dela. Beti dago aitzakiaren bat. Irabazle nagusia abstentzioa izan da, ordea. Hain justu ere, %56,3 puntukoa izan da abstentzioa Debagoienean, hau da, bozkatzera joan ez zirenak joan zirenak baino gehiago izan ziren. 53.460 debagoiendarrek zuten botoa emateko eskubidea eta 23.361 (%43,7) egin dute. 1987tik hona bost alditan egin dira gurean Europako Legebiltzarrerako Hauteskundeak, eta inoizko abstentzio mailarik handiena izan da 2004koa.

Baliogabetutako aukerak gora

Abstentzioa alde batera utzita, indar politikoek jasotako botoei erreparatuz gero, ondorio bat atera dezakegu: baliogabetutako aukerak, Herritarren Zerrendak, emaitza oso onak lortu dituela. Bigarren indarra izatera pasa da Debagoienean, 5.334 boto jasoz. Arrasaten hirugarren indarra izan da, baina Antzuolan lehena, jeltzaleen aurretik. Legez kanporatuak eta baliogabetuak izate horrek izan du eraginik boto emaileen artean.

Jeltzaleak nagusi

Edozelan ere, EAJ izan da nagusi Debagoienean, botoen %31,3 lortuz (7.312 boto). Gainera, Antzuolan izan ezik, herri guztietan nagusitu da. PSOEk ere emaitza onak lortu ditu eta hirugarren indarra izan da: 3.779 (%16,1). Nabarmentzekoa da, Arrasaten bigarren indarra izan dela. EA ere pozik egoteko moduan dago, orain dela hiru hilabeteko hauteskundeekiko puntu eta erdi egin baitzuen gora atzo.

Aralar eta Ezker Batua txarto

Eta galtzaileak? Duda barik, abstentzioak edo hauteskunde bereziak izateak —herritarrek urrunen dituztenak—, kalte handien egin diote Aralarri eta Ezker Batuari. Orain dela hiru hilabete egin ziren hauteskundeekiko —hurbilen ditugunak, nahiz eta hauteskunde guztiak ezberdinak izan—, ia sei puntu galdu ditu Patxi Zabaletaren alderdiak. Eta, EBk, berriz, 3,8 puntu.

Debagoienean:

Goiena.net-en Debagoiena eta ibarreko herri guztietako datuak:

Horrez gain, aurreko Europako Hauteskundeetan izandako emaitzak jaso ditugu taula batean.

Datu gehiago ateratzeko

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.