Gillermo Perea: “Etxebizitzaren arazoa konpontzen duen formula aurkitu dugu"

Oihana Elorza Gorostiza 2004ko eka. 4a, 12:49

Gasteizko talde batek formula bat aurkitu du, egungo etxebizitzaren arazoari irtenbidea aurkitzen diona. Emakume Txokoan, Arrasaten eman zuen hitzaldia Gillermok. Formula, edozein herritan aplika daitekeela esan zuen bertan. Nork bere etxea eraikitzean dago oinarritua formula. Elkarrizketa osoa egubakoitzeko Goienkarian irakurri daiteke.

Elkarrizketako pasarte batzuk atera ditugu weblog honetarako:

  • Lanik ez duenak ezin du etxerik erosi, eta prestakuntzarik ez duenak ezin du lanik aurkitu. Bukaerarik ez duen istorioa da, bukatzen ez den soka. Guk prestakuntza, lana eta etxebizitza lotu ditugu eta hauxe da gure proposamena: langabezian dauden herritar kopuru bati, eraikuntza sektoreko prestakuntza eskaintzea. Hau da, igeltsero, iturgin, arotz edo argiketari izaten irakastea, alegia. Eraikuntza enpresa batek egin behar dituen etxebizitza batzuk prestakuntza jaso duten langabe horiek egingo dituzte, eta etxebizitzetako batzuk beraiendako izango dira.
  • Duela bi urte hasi ginen ideia horri forma ematen, eta proiektua indartzen joan da. 2002an, kalkulu bat atera genuen: babes ofizialeko etxeak 111.200 euro balio zuen garai hartan eta kontuak atera genituen langile espezializatu baten kostua zenbatekoa zen. Horixe zen martxan jartzeko behar genuen lehen datua. Guk bagenekien babes ofizialeko etxebizitza bakoitzarengatik bost milioi pezetako ( 30.000 euro) etekina ateratzen zela. Eta bagenekien ere 21.000 eta 24.000 eurogatik ere lehian sartzen zirela eraikuntza enpresa batzuk. Garbi ikusten genuen negozioa zegoela hor, eta kontu gehiago ateratzen hasi ginen. Ikusi genuen langile espezializatu bat 15 euro orduko kostatzen zitzaiola enpresari, eta datu hori aztertzen hasi ginen, poliki-poliki.
  • Kontu biribilak egitearren, demagun babes ofizialeko 100 etxebizitza egin behar dituela eraikuntza enpresa batek. Eta demagun, 100 horietatik 20 eraikitzen dituzten langileendako izango direla. Etxebizitza bakoitzetik 30.000 euro ateratzen badituzte, 100 etxebizitzengatik 100 aldiz gehiago aterako dute. Beraz, guk hauxe planteatu genuen: 3.000.000 euroko etekina atera ordez, ia 560.000 gutxiago ateratzea, hau da, 500 milioi pezeta ordez, 407 milioi pezeta jasotzea.

Egitasmoa horrela gauzatzen da

  • Batetik, langabezian dauden herritar batzuei, sei hilabeteko prestakuntza emango zaie. Hau da, igeltsero, garbitzaile, iturgin eta eraikuntzako bestelako lanbideetan aritzeko prestatuko dira. Prestakuntza ikastaroa egiten dutenen artean, 20 lagun aukeratuko dira, eta babes ofizialeko etxebizitzetan lanean hasiko dira. Bi urtez egingo dute lan gutxi gorabehera, eta soldata berezia izango dute. Langileari, gutxieneko soldata ordainduko zaio hilero. Azken baten, 3,01 euro jasoko ditu orduko, eta orduko tokatzen zaizkion gainontzeko 12,02ak blokeatuta egongo den kontu korronte batean sartuko ditu. Horrela, eraikuntza enpresari orduko kostatzen zaizkion 15,03 euroak langilearendako utziko ditugu.

Bildutako diruaren erabilera

  • Etxebizitza eraikitzen eta bukatzen bi urte inguru behar badute, gure kalkuluen arabera, 45.000 euro izango ditu langile bakoitzak kontu korrontean obra bukatu orduko. Diru hori etxebizitzaren sarrera ordaintzeko izango da. Ordaintzeko gelditzen den kopurua 30 urtean ordainduko dute. Hortik aurrera, lana bukatu duen langile bakoitzari etxebizitza bat emango zaio, eurek eraiki duten etxebizitza bat; 100etik 20 langabezian zeuden langileendako izango dira.

Babestua dago egitasmoa

Eraikuntza enpresez gain, zazpi auzotako hainbat elkartek, bilgune feministak, gazte erakundeek, Gasteizko beste 12 elkartek eta ehunka herritarrek. Gasteizko Udaleko ELA, LAB eta CCOO sindikatuek ere bat egiten dute gure ideiarekin, eta babes hori ikusi genuenean, Udalean mozioa aurkeztea erabaki genuen. 2002ko irailean hasi ginen ideia horrekin, eta abenduan aurkeztu genuen mozioa. Lanpostupeko etxebizitza sozialen egitasmoa izeneko txostena aurkeztu genion Gasteizko Udalari, eta oso harrera ona izan zuen. Lehengo agintaldiko alderdiak zeuden orduan Udalean.

Laster jarriko da martxan egitasmoa eta edozein herritarako modukoa da

  • Dagoeneko Bilboko San Frantziskok inportatu du ideia. Eta Jaurlaritzak ere Euskal Herri osora zabaldu nahi du. Izan ere, edozein herritako udalak nahi duenean aplika dezake.
  • Bi urte daramatzagu ideia honekin, eta Gasteizko Udalak, PPk, ez digu aukerarik ematen. Gauza bategatik edo besteagatik atzeratu egiten du. Gu gertu gaude Arabako beste edozein herritan egiteko ere, baina Gasteizko Udalak aprobetxatu egin beharko luke. Baita Alderdi Popularrak ere, langabeen alde lan egiten duela esateko bada ere. Dena gure alde dago, denen babesa daukagu, PPren iniziatiba falta da bakar-bakarrik. Langabeen prestakuntza ikastaroak ere laster hasiko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak