Organo emaile gehiago eskatuko dituzte bi elkartek Debagoienean

Leire Kortabarria 2004ko eka. 3a, 18:40
Organo Emailearen Astea bukatzeko, informazioa eman eta, batez ere, debagoiendarrok emaile egin gaitezen kontzientziatzeko kanpaina egingo dute zapatuan, ekainak 5. Arrasaten eta Bergaran mahai informatibo bana ipiniko dute, goizean.

EAEk, Debagoiena barne, elkartasun maila eredugarria erakusten du. Baina beti behar dira emaile gehiago, eta mezu hori zabaltzen saiatuko dira zapatuan. Alcer giltzurrunetako gaixo eta transplantatuen elkarteak Bergaran ipiniko du mahaia, Irala kalean, eta Atcore bihotzeko transplantatuen elkarteak, berriz, Mondragoeko Seber Altube plazan, biak goizez. Mahai horietan elkarteotako kide debagoiendarrak izango dira. Azalpenak eman eta emaile egiteko txartela lekuan bertan betetzeko aukera emango dute.

Juan Arriaran arrasatearra Atcoreko kide da. Santanderreko ospitaletik deitu ziguten, jende asko organo zain dagoela esanaz, dio. Hori dela-eta, mobilizatzea eta mahai informatiboa ipintzea erabaki zuten. Izan ere, ahalik eta emaile gehien behar dira. Emaile guztiak ez dira emaile efektibo bihurtzen, unea iristen denean. Izan ere, ezinbestekoa da ospitalean, egoera kontrolatuan hiltzea. Beste hainbat baldintza bete behar dira. Horrek guztiak dakar egoera kontrolatuan hiltzen diren emaileetatik %1 bakarrik bihurtzea emaile efektibo.

Familiak kontzientziatzea

Aurten, elkarteen beste erronka bat da emaileen familiak kontzientziatzea. Familiak beti du ebakuntza debekatzeko aukera, senidea (emailea) hil denean. Iaz, EAEn, debekuak kasuetatik %6an eman ziren; maila ona da (Estatuan, %19a izan zen), baina hor ere hobetu beharra dagoela uste dute adituek.

Emaile egiteko, txartel bat bete behar da. Adin txikikoak ere egin daitezke, gurasoek euren txartela betez gero. Urte osoan, farmazia guztietan daude txartelak eskuragai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak