Zubillagako hiltegiak bizirik jarraitu behar duela defendatu dute

Kalitatea bermatzeko, hiltegia ixtearen aurka daude harakinak, abeltzainak, baserritarrak eta hainbat sindikatu eta erakunde. Hiltegiak zabalik jarraitu behar duela esan dute, beste behin, ozen, eta Mankomunitateak ez diela inongo irtenbiderik proposatu salatu dute.

Baserritar txikiek kalitatearen alde egin behar dute, eta horretarako, behar beharrezkoak dira gertuko hiltegi txikiak. Harakinek ere beharrezkoak dituzte, supermerkatu handiei aurre egiteko bidea delako. Arrazoi hauexek jarri dituzte Zubillagako hiltegiaren itxieraren aurka dauden baserritarrak, harakinak eta sindikatu eta erakundeek.

Atzoko prentsaurrekoa

Atzo iluntzean eman zituzten arrazoi hauek hiltegiaren sarreran, prentsaren aurrean egindako ekitaldian. Asko bildu ziren, 200dik gora. Hantxe zeuden Debagoieneko baserritarrak, Gipuzkoako harakinen elkartekoak, abeltzainak, ENHE, ENBA eta LAB sindikatuetako odezkariak eta eskualdeko eta Gipuzkoako beste hainbat baserritar, harakin eta erakunde.

Mankomunitateak erantzunik ez

Datorren ekainaren 29an amaitzen da hiltegiaren gaineko proposamenak jasotzeko epea. Mankomunitateak bi hilabeteko epea jarri zuen kaltetuak diren alde guztiak elkarrekin hitz egin eta irtenbideak bilatu eta proposamenak aurkezteko. Orain arte, Mankomunitateak ez diela inolako irtenbiderik eta alternatibarik eman salatu zuten atzoko prentsa aurrekoan, eta euren iritzia eskatu gabe hartu duela ixteko erabakia.

Mankomunitateak dio, hiltegiak ez dituela osasun baldintza tekniko batzuk betetzen. Arraozoi hori gezurra dela diote baserritar eta harakinek. Izan ere, 2002an, ISO9001 agiria eman zioten hiltegiari, eta aurtengo eta datorren urteko probak gaindituta ditu. Ixteko benetako arrazoia, politikoa dela uste dute, arrazoi ekonomikoak ere ez baitu indarrik.

Bestalde, eskualdeko Udalen jarrerarekin ez direla baikorrak esan zuten. Berez, Elgetako Udala da babes gehien eskaini diena, baina ez da hiltegian sartzen, eta ez dakite zenbateko eragina izan dezakeen gainontzeko Udaletan.

Langileen etorkizuna

Hiltegian diharduten langile batzuk Mankomunitateko langileak dira eta beste batzuk kontratatutak. LAB sindikatuak, langile hauen egoera salatu zuen eta babesa eskaini zien.

Ekitaldiak eta mobilizazioak

Atzo bertan, traktore, kamioi eta auto karabana egin zuten. 19:00ak aldera abiatu ziren hiltegitik, eta Oñati, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Bergara herriak zeharkatu zituen. Datorren egunetan ere ekintza eta mobilizazioak egingo dituztela iragarri zuten, hiltegia zabalik jarraitzeko eskatzeko mobilizazioak. Sinadura biltzearekin ere jarraituko dute. Dagoeneko asko batu dituzte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.