MCCren emaitzak %11 igo ziren iaz eta ia 2.000 lanpostu sortu zituen

Gorka Etxabe 2004ko mai. 20a, 18:33
Nahiz eta nazioarteko egoera ekonomikoa ezegonkorra izan, iaz 1.702 lanpostu sortu zituen MCCk. Arrasateko taldeak 2002an baino emaitza hobeak lortu zituen. Hain justu, emaitzak %11 igo ziren. Eskainitako prentsaurrekoan, Jesus Cataniak esan du, datozen lau urteotan beste 17 lantoki ireki nahi dituztela nazioartean.

MCCko egoitza nagusian taldeko zuzendari gehienak elkartu dira gaur eguerdian. Iazko datuen berri emateko prentsaurrekoa eskaini dute MCCko buruek. Hori bai, 2003. urteko datuak ematen hasi aurretik, Jesus Cataniak Jesus Larrañaga izan du gogoan.

Gero, 2003ko datuen berri ematen hasi da. MCCko kontseilu orokorreko lehendakariak adierazi du, ezegonkorra izan zela aurreko urtea, eta hala ere MCCk datu nahiko onak lortu zituela.

Korporazioaren finkatze emaitzak 411 milioi eurora iritsi ziren, aurreko urtearekin alderatuz ehuneko 11 igo zen. Talde finantzieroak oso ekitaldi positiboa izan zuen, eta talde industrialean salmentak ehuneko 8 igo ziren.

MCCk sortutako lanari erreparatzen badiogu, arlo horretan ere nahikoa urte ona izan da. 1.702 lanpostu sortu ditu eta dagoeneko 68.260 langile ditu MCCk.

Datozen lau urteotan nahi dituzte 17 lantoki ireki Txinan, Europa ekialdean eta Mexikon

Etorkizunari begira nazioarteko proiektua sendotu nahi du MCCk. 2008. urtera arteko iragarpenetan, nazioarteko kanpo produkzioa bikoiztu nahi dute, eta kanpoan 17 enpresa berri ireki nahi dituzte. Batez ere, Txinan, Mexikon eta Europa ekitaldean. Zentzu horretan, datozen urteetan ahalegin berezia egingo dutela aurreratu du Jesus Cataniak. .

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak