Putz estiloa duen idatzi batekin agur esan digu aldizkariak

Maria Agirre 2004ko mai. 20a, 12:12
Putz-eko arduradunek ofizial egin dute aldizkariaren "heriotza". "Putz aldizkaria: ishiltzeko ordua" izenburua duen idatzi batekin, zenbaki gehiago ez dutela argitaratuko jakinarazi dute. Ohiko "Putz" estiloa duen idatzia irakur dezakezue jarraian.

Putz aldizkaria: ishiltzeko ordua

Putz aldizkariko erredakziokideok aldizkariaren jarduna etetea erabaki genuen urte hasieran. Lau urte bete berritan hil zen Putz, 23 aldizkari (1200 orrialde), 6 liburu eta Cd bi argitaratu ostean.

Ishilean lurperatu genuen aldizkaria, inori ezer esan barik, intimitate itxian. Harrezkero ia bost hilabete pasatu direnean, hasi zaizkigu harpidedunak desesperatuki, erabat euren onetik irtenda, aldizkari eskean, Putzek utzitako hutsune espirituala ez Alaren laguntzaz ez Budaren bitartekotzaz ez Maruriko parroko ohiaren sermoiekin bete ezinda. Denetik bidali digute abstinentzia sindromeak jotako lagun Putzomanoek erredakziora:

maitasun eta afektuzko aitortza sentituak, benetako odoletan bustitako lumaz izkiriaturiko lerro beherantz makurtuak, bularretakoak, garzontzilo zikin batzuk, aurrera jarraitzeko ekarpen ekonomiko izugarriak... Eta zer ez! Hau dena ikusita, zalantzan egon gara azken aldian, komunikatu hau idatzi ez idatzi, Putzen behin betiko akabera iragartzeak ez ote zituen lagun hauek guztiak suizidiora bultzatuko... Baina luze eta sakonki hausnartu ondoren, erabaki dugu argi eta klarki adieraztea Putzenak egin duela.

Eta orain, bere buruaz beste egin gura duenak, jakin beza guretzat martiria izango dela, eta betirako gordeko diogula lekutxo bat gure bihotzean. Bat baino gehiago izan dira Putzen jarduna etetera eraman gaituzten arrazoiak, baina denetan garrantzitsuena, zalantza barik, hauxe: gure kale-inkesta ataleko kolaboratzaile Ariel Sharin-i ezarri berri dioten heriotz-zigorra.

Dakikezuenez, Ariel Sharin, Bilboko metroan gas-puxikak banatzen ibili ohi zen Gas-plazako gas-tetxero japoniarra, hurkatu egingo dute Japonen, bertako agintari eta juje ustelek hala erabakita. Lur jota gaude, aldizkariari heltzeko indar eta adore barik, Ariel Sharinen ausentzia guretako latzegia izango dela etsita. Zer egingo dugu orduan, Sharin hurkatzen duten egunean? Inmolatu?

Une triste eta gogor hauetan, eskerrak eman gura dizkizuegu Putzeko kolaboratzaile, harpidedun, erosle, irakurle eta modu batera edo bestera abentura honetan bidaide izan zaituztegun guztioi. Sharin askatu!!!

Putzeko erredakzioa

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak