Auzitegiko medikuen esanetan, Mendikutek psikopatia du

Asier Alkorta 2004ko mai. 17a, 14:49
Epaiketako 6. eguna da gaurkoa eta 10:00etan hasi da saioa. Arrateren gorpuari egindako autopsiaren eta Mendikuteren izaeraren gaineko deklarazioak jaso dira epai-aretoan. Mendikuteri atzemandako labanan aurkitu zen odol aztarna, Arrate Elkororena dela baieztatu dute. Fiskaltzak, Herri akusazioak eta Defentsak epaiketa hasi zenean aurkeztutako zigor eskaerak aldatu egin dituzte; Akusazio partikularrak, familiak, berriz, hasierako eskakizunari eusten dio.

  • Hiru auzitegi mediku

Lehenengo hiru auzitegi medikuk eman dute testigantza; hirurak batera aritu dira.

Arrate Elkorori egindako autopsiaren emaitzak azaldu dituzte. Emaitza horien arabera, hauek izan dira beraiek ateratako ondorioak:

  • Bortxazko hilketa izan zen.
  • Mediku-legearen ikuspegitik hilketa izan zen.
  • Arma zuriarekin bihotzean egin zioten zauriak eragin zion heriotza.

Zauri horiek egiteko erabilitako armaren berri ere eman dute. Erasoa egiteko erabilitako armak izango lituzkeen neurriak aurkeztu dituzte. Gero, familiaren abokatuak eskatu du, Mendikuteri atzemandako labana auzitegi medikuei erakusteko. Medikuek esan dute, beraiek azaldutako neurriei egokitzen zaiela labana.

Bestalde, indarrez eta intentzioarekin egindako zauriak zirela baieztatu dute medikuek.

Auzitegi medikuek esan dute, Arrate bihotzean zuen zauriagatik hil zela; oso larria izan zen bularrean egindako zauria.

Autopsiaren emaitzen ondoren, testigantza ematen ari ziren hiru auzitegi medikuetatik bik egindako txostena aurkeztu dute. Aitor Mendikuteren izaeraren gaineko txostena da. Horren arabera, Mendikutek psikopatia du. Azaldu dutenez, izaeraren desordena da psikopatia, ez buruko gaitza.

Psikopatek dituzten ezaugarriak azaldu dituzte auzitegiko medikuek:

  • Etengabe bilatzen dute estimulazioa.
  • Ez dute ikasten beraiek egindako gauza txarretatik; delitu edo erroreak berriz errepikatu ditzakete.
  • Nartzisistak eta egoistak dira.
  • Gizarteko arauak apurtzen dituzte.
  • Pertsona bakartiak dira.
  • Pertsona hotzak dira.
  • Ezin dute maitatu.

Psikopataren portaerari dagokionez, hona auzitegi medikuek emandako ezaugarriak:

  • Agresibitate handikoak dira.
  • Edozein delitu egiten dute.
  • Bizitza ezegonkorra dute.
  • Segituan beren nahia bete nahi izaten dute.

Medikuek azaldu dute, psikopatia tratatzeko ez dagoela tratamendurik; alde batetik, ez dutelako erruduntasun sentimendurik, eta bestetik, ez dutelako kastigu eta sarien aurrean erreakzionatzen.

Auzitegiko medikuek uste dute, Mendikutek bazekiela hilketa oso gaizki zegoela, baina hori egiteko gogoa zuela eta egin zuela. Beti ere, kontuan izanda, Mendikute ustezko hiltzailea dela. Auzitegiko medikuen esanetan, Mendikutek ez ditu arau moralak barneratu.

  • Polizia zientifikoko agente bat

Agenteak aurkeztu duen froga nagusia izan da Aitor Mendikuteren poloan (jantzian) aurkitu zuten odol aztarna. Odola Arrate Elkororena dela baieztatu du.

Aitor Mendikuteri atzeman zioten labanan ere odol aztarnak aurkitu zituztela adierazi du. Baina, hortik ez dute ADN-a lortzerik izan.

Akusazioetan aldaketak

Akusioetan aldaketak izan dira:

Fiskaltzak honakoa eskatzen du hilketa delituagatik: 16 urteko kartzela zigorra, desgaikuntza eta Elgetara joateko 5 urtetako debekua. Bestalde, bortxazko lapurretagatik, lau urteko kartzela zigorra eskatzen du akusatuarentzako.

Akusazio partikularrak ez du aldaketarik egin.

Herri akusazioak eskatzen du: bost urteko kartzela zigorra bortxazko lapurretagatik, 25 urteko kartzela zigorra hilketagatik eta bost urtean Elgetara joateko debekua.

Defentsak aurretik eskatzen zuen akusatuaren absoluzioa; tabakoa erostera joan zela azalduz. Gaur, defentsak esan du Arrate Elkoro eraso zuela eta zauri batzuk egin zizkiola. Handik ordu batzuetara, zaurien ondorioz, Arrate Elkoro hil egin zela. Mendikute tabakoa erostera joan zela eta han Arrate Elkororekin eztabaida izan zuela; Defentsaren esanetan, nerbioak ezin kontrolatuta egin zion eraso Arrateri.

Gaineratu du, erasoa egin zuenean, Mendikutek bere buruko gaitasunak oso nahastuta zeudela; duen psikotapia larriaren ondorioz. Esan du, Arrate Elkorori eraso egin zionean, ez zuela asmorik Arrate hiltzeko.

Defentsak adierazi du homizidioaren egilea dela Aitor Mendikute. Bestalde, adierazi du, erasoa egin zuenean, Mendikutek ez zekiela zein ondorio zituen; bere anomalia psikikoarengatik.

Beste konklusio bat ere atera du defentsak; homizidio delitua ezartzea Mendikuteri eta zortzi urteko kartzela zigorra; eta bost urtean Elgetara joateko debekua.

Azkenengoz, defentsak adierazi du Mendikuteren egoera ekonomikoa dela eta, ez dela kalte-ordainik ezarri behar.

Azken saioa

Bihar abokatuek beren azken txostenak aurkeztuko dituzte. Gero, epaimahaiko kideen esku geldituko da azken epaia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak