Arrate Elkoro hil zuela aitortu zuen Mendikutek lehenengo deklarazioan

Asier Alkorta 2004ko mai. 14a, 15:00
Gaurko saioa goizeko 10:10ean hasi da. Epaiketaren bosgarren eguna da. Mendikute ondoezik egon da, tentsioa jaitsi zaio epaiketa hasi aurretik; horregatik atzeratu da gaurko saioaren hasiera. Hala ere, sesioa normal egin da. Bost pertsonek deklaratu dute, tartean Mendikuteren aitak. Astelehenean jarraituko du epaiketak.

Akusazio partikularrak deitutako lekukoak izan dira: Elgetako Gizarte Ongizateko Zinegotzi ohia (hilketa gertatu zenekoa) eta Mendikuteren aita. Bestalde, akusazio partikularra eta herri akusazioak batera deitu dituzte bi ertzainak. Azkenik, defentsak Euskadiko Kutxako bulego zuzendaria deitu du.

  • Elgetako Gizarte Ongizateko Zinegotzi ohia (hilketa gertatu zenekoa)

Zinegotziak kontatu du Mendikute ezagutu zuela 7 urte zituenean, bere alabarekin jolasean ibiltzen zelako. Azaldu du handik urte betera edo, Donostiara eraman zutela zentro batera. Urte batzuen buruan izan zuen Mendikuteren berri; bortxaketagatik kartzelan sartu zutenean. Orduan, kartak idazten hasi ziren elkarri.

Kartzelatik irten zenean, kontaktua berreskuratu zuten berriz ere, eta udaletxean agiriak egiten laguntzen zion, INEM-koak kasu. 2002ko maiatzaren 1ean esan zion Mendikuteri, ordura arte Udalak ematen zion dirulaguntza amaitu egin zela. Maiatzaren 10 edo 11n hasi behar zen kobratzen Mendikute preso ohiek jasotzen duten langabezi pentsioa.

Mendikutek esaten zion lekukoari, bere bigarren ama zela. Lekukoaren esanetan, Mendikute nahiko "fantasiosoa" da, baina, ondo edo geizki dagoena bereizten duela. Mendikutek memoria oso ona daukala aipatu du, eta mutil argia dela

Lekukoak azaldu du, behin Mendikutek esan ziola apustua egin zuela kartzelako lagunekin denbora gutxi barru itzuliko zela kartzelara berriz, delitu larriagoa eginda.

Lekukoak esan du Mendikute oso arrotza zela herrian. Udalak beti lagundu nahi izan zion.

  • Mendikuteren aita

Aitak esan du Aitor Mendikute beraiekin bizi izan zela bederatzi urtera arte. Baina, behin ihes egin zuela, eta gero, Donostiako zentro batera eraman zutela adierazi du.

2002an kartzelatik irten zenean, etxera itzuli zela azaldu du aitak. Hiru hilabete inguru etxean izan zen, hilketa gertatu artean. Baserrian lana egin zuen. Etxean egon zen sasoian, gauetan Bergara joaten zela adierazi du.

Aitak esan du semeak dirua eskatzen zionean ematen ziola; Baina, ezin zitzaiola diru asko eman, erraz gastatzen baitzuen.

Aitak azaldu du Aitorrek ez duela familiako inor mehatxatu. Bestalde, baieztatu du Elgeta inguruko mendiak ondo ezagutzen dituela Aitorrek.

Adierazi du Aitorri buruan zerbait sartuz gero, hori egin behar duela derrigor.

Hilketa gertatu zenetik ez du Aitor ikusi eta adierazi du ez duela ikusi nahi. Beste seme-alabek ez dutela inolako arazorik izan gaineratu du.

  • Donostiako Egia auzoko Euskadiko Kutxako Bulegoko zuzendaria

Berak abisatu zion Ertzaintzari Mendikute bulegora joan zela kobratzera. 818 euro atera zituen Mendikutek.

  • Ertzain bat

Mendikuteri, Donostian atxilotu ondoren, deklarazioa hartu zion lehena izan zen. Esan du seguru dagoela Mendikute inork ez zuela presionatu deklaratzerako orduan. Ertzain honi azaldu zion nola hil zuen Arrate, eta xehetasun guztiak eman zizkion.

Ertzainak esan du Mendikute oso lasai zegoela deklarazioa egiten ari zenean; odol hotzekoa iruditu zitzaion.

  • Donostiako komisariako Inspektorea

Honek ere atxiloketaren gaineko azalpenak eman ditu.

Hurrengo sesioa

Astelehenean, hilak 17, azken lekukoek deklaratuko dute; auzitegiko medikua, besteak beste.

Martitzenean, abokatuek azken txostenak aurkeztuko dituzte. Eta horren ondoren hasiko da zinpeko epaimahaia azken epaia osatzen. Espero da asteazkenean, hilak 19, azken epaia jakitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak