Hilketa lekuan eta Mendikuteren atxiloketan oinarritu dira gaurko testigantzak

Asier Alkorta 2004ko mai. 13a, 15:35
Zortzi ertzainek deklaratu dute gaurko saioan. 09:50ean hasi da testigantza hartzea. Atsedenaldia izan da 11:45ean, 12:15ak arte. Gaurko lekuko guztiak ertzainak izan dira. Familiakoak epaitegian izan dira.

  • Lehenengo eta bigarren ertzainak

Lehenengo deklaratu duten bi ertzainak Bergarako komisariakoak izan dira; argiketetakoak.

Beraiek egin zuten tabako dendan lehenengo inspekzioa. Lehenengo argazkiak ere beraiek atera zituzten. Biek baieztatu dute dendaren egoera ikusita delituaren zergatia lapurreta izan zela.

  • Polizia zientifikoko bi agente

Hilketa bat egoten denean, argiketetako ertzainek polizia zientifikoari deitzen diote, inspekzioarekin jarraitzeko. Kasu honetan, Arrate Elkoro hil zela abisua jaso zutenean, argiketetakoak utzi egin zioten dendaren azterketari.

Hilketaren lekuari argazki gehiago atera zion polizia zientifikoak. Ebidentzia batzuk eraman zituzten: hatz markak eta odol aztarnak; gero laborategian aztertzeko.

Mendikute atxilotu zuten ertzainek ere deklaratu dute (bost eta seigarren ertzainak). Donostiako Egia auzoko kirol denda baten atxilotu zuten, maiatzaren 13an.

  • Zazpigarren eta zortzigarren ertzainak

Deskantsu ondoren zazpigarren eta zortzigarren ertzainek deklaratu dute. Hauek azaldu dute janzkera zibilekin joan zirela Mendikute identifikatzera. Euskadiko Kutxan kobratzen zuen Mendikutek pentsioa; Ertzaintzaren bidez, Euskadiko Kutxako nagusiak jakinaren gainean zeuden. Egian kobratu zuenean, ertzainei abisatu zieten banketxekoek.

Atxilotua izan zenean, Mendikutek ez zuen erresistentziarik jarri. Ertzainek galdetu zioten ia bazekien zergatik identifikatzen zuten eta Mendikutek baietz erantzun zien.

Ertzainek azaldu dutenez, koherenteki hitz egiten zuen Mendikutek, lasai zegoen. Atxiloketaren momentuan labana zeraman gainean, baina nezeserrik ez. Tabako dendatik falta ziren kartera eta nezeserra, diruarekin. Mendikuteri hilketaz gain, lapurreta ere egozten zaio.

Nahasmena

Argazkien inguruan kontradikzio bat sortu da testigantzetan. Argazki batzuetan Arrate Elkororen poltsa lurrean ageri da eta, beste argazki batzuetan, aldiz, aulki baten gainean eta barruko gauzak aterata. Nahasmena sortu da poltsa barrutik gauzak nork atera zituen argitzerakoan.

Hori argitzeko, testigantzak bukatu direnean, abokatu guztiek eskatu dute hasierako lau lekukoek berriz poltsaren gaineko. azalpenak emateko.

Lau agenteek berriz erantzun dituzte galderak. Azkenean, argitu dute lehenengo deklaratu duen agenteak atera zituela gauzak poltsatik eta aulki gainean ezarri.

Bestalde, abokatuek eskatu dute argazki originalak ekartzeko, beraiek fotokopiak baitituzte; hilketa lekua hobeto ikusteko.

Biharko deklarazioak

Biharko sesioan deklaratuko dutenen artean: ertzainak eta Mendikuteren aita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak