Ertzaintzak eraikuntzako 50 bat langile identifikatu ditu pikete informatiboetan

Gorka Etxabe 2004ko mai. 12a, 15:52
Gipuzkoako eraikuntzako langileek hirugarren greba eguna egin dute gaur. Debagoienean pikete informatiboak egin dituzte sindikatuetako ordezkariek eta baita eraikuntzako zenbait langilek ere. Autobideko lanak geldiarazi dituztenean istiluak izan dira, eta Ertzaintzak 50 bat lagun identifikatu ditu.

Debarroko langile ugari elkartu dira gaur goizean Bergaran. Debagoieneko zein debabarreneko eraikuntzako langileek pikete informatiboak egin dituzte Bergara aldean. Eibar-Gasteiz autobideko lanetan ere izan dira eta, bertako langileak goizeko 10:30ak aldera irten behar izan dira grebara.

Ertzaintzak piketeko 50 bat lagun identifikatu ditu

Ondartza baserri pareko biribiletik gertu dauden bulegoetara sartu dira eraikuntzako langileak, eta bertako beharginak atera dituzte grebara. Herrizaingo sailak jakitera eman duenez, piketeetako langileek makina bat eta bulegoetako materiala apurtu dute. Ertzaintzak 50 bat langile identifikatu ditu.

Debagoienean ez dago eraikuntza enpresa handirik, Mauricio Arregi eta Artzamendi dira handienak, eta horiek geldirik daudela esan digute sindikatuetako ordezkariek. Dena dela, azken urteotan Gipuzkoako obrarik garrantzitsuenak Debarroan daudela gaineratu dute sindikatuek.

Lau mila lagun lanean eraikuntzan Debagoienean

Hori dela eta, Euskadiko eraikuntza enpresa nagusiak gure ibarrean ari dira lanean azken aldian. Guztira, hiru mila-lau mila langile inguruk egiten dute lan eraikuntzan. Horietatik gehienek egin dutela lanuztea esan digute.

Besteak beste, soldataren %4,42ko igoera eskatzen dute eta lanaldia urtero 16 ordu murriztea. Gainera, dietak kobratzeko aukera aldarrikatzen dute, eta etxetik lanerako bidaiaren denbora ordaintzeko eskatzen diote patronalari. Jakin dugunez, oraindik, sindikatuak eta Adegi ez dira elkartu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak