Elgetako hainbat herritar gerturatu dira epaitegira. Arrate Elkororen familiakoak han izan dira, baita zenbait lagun ere. Gaur ere Mendikute lasai agertu da epai gelan. Martuteneko medikuak izan ezik, panel baten ostean deklaratu dute testiguek.
- 3 herritar
Hiru herritarrek deklaratu dute lehendabizi. Hirurek azaldu dute, hilketaren egunean, 2002ko maiatzaren 9an, tabako dendaren aurrean "gizonezko altu eta beltzarana" ikusi zutela. Eta deklarazioa egin duten hiruretako batek, baieztatu du Aitor Mendikute zela tabako dendan ikusi zuten gizonezkoa.
Bi gizarte laguntzailek deklaratu dute gaur. Hilketa gertatu zen garaian Gizarte Langilea bajan zegoen; beste bat ari zen lanean bere ordez.
- Gizarte Langilea
Noizean behin Aitor Mendikute Udaletxera joaten zela adierazi du. Gizarte Langileak esan du, hilketaren egunean, Mendikute udaletxean izan zela eta berarekin hitz egiten aritu zela, 5 minutu inguru. Normalean udaletxetik kafea hartzera eta tabakoa erostera joaten zela esan du Gizarte Langileak; baina, ez daki egun hartan zer egin zuen Mendikutek. Ezin izan du konfirmatu egun hartan zer egingo zuen azaldu zion edo ez.
- Bigarren Gizarte Langilea
Jarraian, egun Udalean lanean diharduen Gizarte Langileak hitz egin du; Hilketa gertatu zen egunean bajan zegoela azaldu du. Gizarte Langileak Aitor Mendikuteren gaineko txosten bat aurkeztu du; berak egina, 2002ko azaroaren 25ean. Saioan txostena errepasatu dute. Gizarte Langileak esan duenaren arabera, Mendikute 8 urtetatik aurrera erreformatorioetan eta kartzelan egon da.
Gizarte Langileak esan du Mendikute bisitatzen egon zela Logroño eta Martuteneko kartzeletan. Berak laguntza soziala eskaintzen ziola adierazi du; akusatuaren egoera psikologikoaren gainean, esan du bera ez dela gai horretan aditua.
Defentsako abokatuaren argumentua Mendikuteren buruko gaitzean oinarritzen da; haurtzaro eta gaztaroan Mendikutek bizitako famili egoeragatik sortua.
- Martuteneko medikua
Azkena deklarazioa egiten, Martuteneko medikua izan da. Txosten bat aurkeztu du; Mendikuteren mediku-informea, aurrekari psikiatrikoa azaltzen du.
Medikuak aurkeztutako informearen diagnostikoak dio hiru trastrono mota dituela:
*Pertsonalitate trastornoa
*Antisozial-trastornoa
*Trastorno-mugagabea duela Mendikutek.
Medikuak adierazi du Martutenera hamabostean behin joaten den psikiatrak txostenaren diagnostikoa konfirmatu duela. Gaineratu du, gaur egun, Mendikutek ez daukala inolako tratamendu psikofarmakologikorik.
Tratamenduak badaude trastornoei aurre egiteko
Azaldu du trastornoa Mendikuteren izaera edo gaixotasuna izan daitekeela. Bestalde, trastornoei aurre egiteko tratamenduak badaudela azaldu du. Alde batetik, antisozial-trastornoa tratatzea oso zaila dela esan du. Bestetik, pertsonalitate-trastornoari aurre egiteko tratamendu psikofarmakologikoak edo psikologikoak daudela adierazi du. Azkenik, trastorno-mugagabea tratatzeko era prozedura badaudela baieztatu du.
Baina, medikuaren esanetan, oraingoz Mendikutek ez dauka inolako tratamendurik. Trastornoak noiz azaleratu daitezkeen aurrez jakitea oso zaila dela azaldu du.
Defentsako abokatuari erantzunez, medikuak adierazi du Mendikute psikiatrekin dabilela 1987 urtetik.
Neskalaguna
Azkenik, medikuak konfirmatu du, Mendikutek kartzelan neskalaguna duela. Eta gaineratu du, harreman horren ondorioz, Mendikutek kartzelan duen portaera aldatu dela.
Bihar, hilak 13, ertzainak izango dira deklaratzen. Webgune honetan jarraipena egingo diogu. Epaitegitik bertatik emango dugu gertatzen denaren berri.