Garapen jasangarriaren gaineko aste kulturala Arizmendin

Gorka Etxabe 2004ko mai. 3a, 18:55
Garapen jasangarria izango da aurtengo gaia Arizmendik antolaturiko kultura astean eta ikastolaren egunean. Zapatuan festa handia egingo dute Arrasaten. Mahai inguruak, hitzaldiak eta beste zenbait ekintza izango dira astean zehar. Ikasleek, gurasoek eta nahi duten gainerako herritarrek izango dute aukera esku hartzeko ekitaldi horietan.

Arizmendiko Almen gunean izan gara gaur. Garapen jasangarriaren inguruko ariketa bat egiten harrapatu ditugu ikasleak. Izan ere, oraingo astean asko hitz egingo da garapen jasangarriaren eta agenda 21aren gainean Arizmendin. Kultura asteko gai nagusia izango da, eta ekintza gehienak izango dira garapen jasangarriaren gainekoak.

Monterronen gaur eta bihar eta Eskoriatzako kultura etxean datorren astean erakusketa jarriko dute ikusgai. “Baratze kritikoa” da erakusketaren izenburua, eta Nafarroako Mugarik gabeko taldeak ekarriko du. Beste zenbait ekintza ere egingo dituzte, eta zapatuan Arrasateko kaleetan eta ferixalekuko gunean festa handia izango da.

Zapatuan festa handia egingo dute Arrasateko kaleetan

Goizeko hamarretan hasiko dira ekitaldiak Seber Altuben. Bertsolariak, abesbatzak eta antzerki emanaldiak izango dira Seber-en. Ferixalekuan ere ekitaldi ugari izango dira egun osoan. Era berean, Andaluziako, Galiziako, Extremadurako eta Euskal Herriko gastronomia dastatzeko aukera izango da. Gainera, Kilometroak 2004ko eta Nafarroa Oinez-ekoek euren produktuak salmentan izango dituzte. Ekitaldiak ikasleendako, gurasoendako eta gainerako herritarrendako izango dira.

Eguenean ikasleak bizikletan joango dira eskolara. Garapen jasangarriaren aldeko ekintzan

Oraingo astean, beraz, egongo da zer egin eta zer ikusi Arizmendiko guneetan. Eguenean, esaterako, nahi duten ikasle guztiak bizikletan joango dira Almen gunera Arrasatetik, Aretxabaletatik eta Eskoriatzatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak