Iaz egindako plan estrategikoaren arabera hiru lan-esparru propio ditu Debagoieneko Mankomunitateak: Ingurumena, Lurralde Antolamendua eta Garapen Agentzia. Azken hau indartzeko pausua egin du orain Mankomunitateak Garapenen, erkidegoko agentzien elkartean, sartuta.
Zerbitzu alorrari garrantzia
Debagoieneko Garapen Agentziaren helburua da modernizazio eta dibertsifikazio ekonomikoa sortzea, enpresa ekimenak bultzatuz, herritarrak lanerako prestatuz eta euren laneratzea erraztuz.
Ibarreko agentzia horretan ari da lanean; iaz, esaterako, 25 enpresa berri sortzen lagundu zuen. Jarduera hau, ordea, industriara bideratu da batez ere, eta Mankomunitateak nahi du aurrerantzean zerbitzuen esparrua gehiago lantzea, turismoa, merkataritza, osteleritza edo kultura, esaterako.
500 enpresa sortu
Mankomunitateak uste du egiteko hori erraztu egingo zaiola Garapen elkartean sartuta. Elkartea tokiko 19 agentziak osatzen dute. Garapeneko presidente Marcos Murok euren lan-ildoak zeintzuk diren azaldu du gaurko agerraldian. «Nik uste gure arrakastaren arrazoia dela agentzien arteko ezagutza eta esperientzia trukea kudeatzen dugula; agentzietako profesionalen heziketa bultzatzen dugu eta interes komuneko egitasmoak kudeatu, bakarka egiteko zailak liratekeenak», azaldu du Murok. «Garapen osatzen dugun agentziok langabetuei ematen diegun zerbitzuari dagokionez, 15.000 lagun ingururekin lan egin dugu; 2003 urtean 500 enpresatik sortzen lagundu dugu, bataz beste bi langilerekin enpresako», gaineratu du. Garapen elkarteak erkidegoko biztanleen %70 ordezkatzen du.