Plataformako kideek hainbat bilera egingo dituzte gaur, Europako garraio eta ingurumen arduradunekin, besteak beste; bilkura eta prentsaurreko bana ere egingo dituzte.
Bidaian 35 lagun inguru ari da parte hartzen, tartean baita Debagoieneko zenbaitzuk ere, Mila Elorza, Angiozarko auzo alkatea horietako bat. Elorzaren arabera bi asmo eraman dituzte Bruselara: batetik, Europako erakundeei eskatzea geldiarazi dezatela Abiadura Handiko Trenaren egitasmoa; bestetik, erakustea euskal gizartearen zati handi bat dagoela proiektuaren aurka. «Eusko Jaurlaritza behin eta berriz ari da esaten euskal gizartearen adostasuna duela proiektu hau aurrera eramateko, baina hori gezurra da. Esate baterako, gehiengo sindikala gurekin dago», azaldu dio Elorzak Goiena Telebistari.
Gizarte eragileekin eztabaida
AHT Gelditu! Elkarlanak uste du egitasmoaren gainean informatzerakoan Eusko Jaurlaritza ez dela gardentasunez ari eta erakundeak gizartearen partehartzea oztopatzen ari direla. Horregatik, eztabaida eskatzen dute: «Esan eta esan ari dira elkarrizketa behar dela; oraintxe dute aukera eta gai aproposa gizarte eragile desberdinekin eseri eta berba egiteko», dio Elorzak.
AHT Gelditu! Elkarlanak uste du Euskal Yak ez dituela betetzen eraikia izateko baldintza ekologiko, sozial eta ekonomikoak.