Ordu erdiko lanuztea deitu dute sindikatuek biharko

Leire Kortabarria 2004ko api. 27a, 19:31
Bihar Lan Osasun eta Segurtasunaren eguna dela-eta, ibarreko sindikatu guztiek ordu erdiko lan uztea egiteko deialdia zabaldu dute. Lan uztea bihar egitea eskatzen dute, 09:00etan, lantoki guztietan. Euskal Herrian, iaz 150 lan heriotza gertatu zirela salatu dute.

Iaz, Euskal Herrian 150 lan heriotz izan ziren, eta urtero, langileen %20k lan ezbehar bat jasaten du, ELA, LAB, ESK eta EILAS sindikatuen arabera. Hori azpimarratu dute sindikatuok bihar, Lan Osasun eta Segurtasunaren egunean, egingo diren mobilizazioetara deitzeko orduan. Debagoienean ere deitu dituzte. Hain zuzen, lantoki guztietan ordu erdiko lan uztea egitea eskatzen dute, 09:00etatik 09:30era; txandaka lan egiten dutenen kasuan, txanda guztietan egitea ere proposatu dute.

CCOO eta UGT sindikatuek ere lan uzteak deitu dituzte, euren aldetik.

Bestalde, LAB sindikatuak eta Duina gazte taldeak ibarreko kale agerraldia deitu dute Bergarako Herriko Plazan, 19:00etan.

Gaur ere egin dituzte hainbat ekintza. Besteak beste, Arrasateko eta Bergarako Udaletara jo dute, administrazioari kexuak helarazteko asmoz eta, euren ustez, lan segurtasun arloan dagokion erantzukizuna eskatzeko.

Aldarrikapenak

Langileen segurtasuna eta osasuna babestearen ardura ezin da sindikatuena soilik izan, eta enpresari, erakunde eta gobernuendako ere lehentasun bihurtu beharko litzateke, diote aipatutako sindikatuek. Euren ustez, laneko segurtasun eza hainbaten errua da, besteak beste, patronalarena, behin-behineko kontratuena eta birkontratazioarena, mutualitateena… eta erakunde publikoei eskatzen diete prebentzio plan propio eraginkorra artikulatzea eta arautegia ez betetzea zigortzea, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak