Lankidetza hitzarmen horren bidez, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia, Mankomunitatea eta Debagoieneko udal guztiak konprometitzen dira Agenda 21 garapen iraunkorreko egitasmoa Debagoienean ezartzera, eta bide horretan lan egitera.
Sinadura ekitaldia astelehenean izango da, hilak 26, Arrasateko udaletxean, 17:00etan. Honakoek hartuko dute parte: Jaurlaritzaren aldetik, IHOBE Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoko presidente Sabin Intxaurragak; Foru Aldundiko Luis Mari Oiarbide diputatua; Mankomunitateko presidente Inazio Lakuntza; eta Debagoieneko udal guztietako alkate edo zinegotziek.
Urrats garrantzitsua
Agenda 21 ez da egitasmo berria gurean. Bere helburuak dira, ez bakarrik ingurumena, baizik eta edozein herritan bizi kalitateari eragiten dioten alderdi guztiak zaindu eta horietan hobetzea. Horren ildotik lanean aritu dira gure udalak azken urteotan. Edozelan ere, Udaltalde 21 taldearen eraketarekin, udalen eta gainerako erakundeen arteko elkarlana areagotu egingo da, eta Agenda 21-eko proiektuak ezartzea errazagoa izango da.