Zortzi herri eta bederatzi ekitaldi. Euskara eta euskal kultura uztartzen dituztenak denak; debagoiendarrei Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa hurbiltzera datozenak. Horixe da Iparraldea bertan, gaur, apirilak 21, hasi eta maiatzaren 2ra arte, gure bailaran izango den Iparraldeko kultura ekintzen eskaintza zabala. Iparraldeko Euskal Kultur Erakundeak prestatu du egitaraua, Ipar eta hegoaldeak elkar hobeto ezagutzeko helburuarekin.
Zubi berriak eraikitzen
Gure bailarako bi herrik baino ez dute Iparraldearekin nolabaiteko lotura, Antzuolak eta Arrasatek, hain zuzen. Elkar hobeto ezagutzeko aukera etorri da, ordea, une ezin hobean etorri ere, Mankomunitateak Kultura Saila sortu eta gutxira.
Euskal Kultur Erakundeko zuzendariorde Daniel Landart baikor agertu da oso, orain arte Donostian, Getxon eta Andoainen ibili den ekimenak Debagoienean egingo baitu laugarren geldialdia. Hauxe da egitasmoak zortzi herri biltzen dituen lehen aldia, eta baita Mankomunitateak kultur egitarau bateratu bat egiten duen estraineko aldia ere.
Jende ugari aurkezpen ekitaldian
Aurkezpen ekitaldian izan dira bailarako zortzi herrietako zenbait alkate, zinegotzi, eta euskara eta kultura teknikari. Bertan izan da Ruper Ordorika musikaria, eta baita Goienako ordezkaritza zabal bat ere. Izan ere, euskara sustatzea da Goiena Komunikazio Zerbitzuak enpresaren erronka nagusietako bat , eta bete betean egiten du bat "Iparraldea bertan" ekimenaren helburuekin.