Iruzur egiten ari dira 807 zenbakira deitzeko eskatuz

Maria Agirre 2004ko apirilaren 1a

Ertzaintzak jakinarazi duenez, dagoeneko bailarako hainbat lagunek jasan dute iruzurra. Atzo, eguaztena, Arrasateko emakume bat izan zen azkena. 807 41 45 54 telefono zenbakira deitzea eskatu, eta bertan izan zuten 20 minutuz. Iruzurra, gutxienez, 40 euro kostako zaio.

Ertzaintzan jarri du salaketa arrasatearrak, eta Ertzaintzan esan diote ez dela bakarra, inguruko jende gehiagori ere egin diotela iruzur bera. Arrasateko emakume batek atzo, eguaztena, dei bat jaso zuen Monterrey izeneko garraio enpresatik, eta berehala jaso beharreko gutun bat bidali behar ziotela esan zioten, baina ez zutela bere helbidea.

Horregatik, 807 zenbakiekin hasten zen telefono zenbaki batera deitzea eskatu zioten emakumeari. Zenbaki horretara deitzen hasi baina ez zitzaion inor ateratzen, musika batekin izan zuten hainbat minutuz, baina bertan jarraitzeko eskatuz. Emakumeak berriro deitu eta laster emakume bat atera zitzaion, Jaengo enbutidoekin osatutako promozio baten berri emanez. Emakumeak halakorik ez zuela eskatu eta enbutidorik ez zuela nahi esan zion, baina konturatu zenerako, 20 minutuz izan zen telefonoz. Deia bukatutakoan, emakumea iruzurraz ohartu zen eta Ertzaintzara jo zuen.

Ertzaintzak iruzurra jasan zuela esan zion, eta orain, deiaren faktura etorriko zaiola ohartarazi dute. Telefonoz izan zen minutu bakoitzeko 90 zentimo ordaindu beharko ditu eta baita bez zerga ere. Atzoko iruzurra 40 euro, behintzat, kostako zaio emakumeari. Beraz, kontuz, 807 zenbakira deitzea eskatzen badizuete, iruzur egingo baitizuete dei horrekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak