Hauteskundeak 2004: balorazioen ordua da orain

ArrasateIrratia 2004ko mar. 15a, 12:08

Hauteskunde ondorengo eguna dugu gaurkoa. Balorazioak ez dira faltako gaurko egunean. Arrasate Irratiko lankideak ere balorazio bila joan dira hainbat alderdietako ordezkariengana. Hona hemen iritzi batzuk:

Juan Martin Elexpuru (Aralar):

  • "Pozik ez gaude, esperantza batzuk eginda genituen eta ez dugu ezer lortu azkenean. Hori gogorra da. Baina aurrera egin behar dugu.
  • "Denbora pixka bat behar dugu analisia egiteko. Aralar-Zutik koalizioa oraindik hasi berria da. Hiru-lau eguneko zurrunbilo horrek gauzak zeharo polarizatu ditu eta denbora gutxian hartzen du jendeak zeini bozkatu erabakia. Zurrunbilo horrek kalte egin digu guri."
  • "Bergarako Ekimenak lortu duena oso kopuru ona da. Etorkizuneko ezker abertzaleko proiektu bat eraiki nahi badugu ondo pentsatu eta ikusi behar dugu zer egin. Ezin dugu segi elkarrekin muturtuta eta elkarri iraintzen. Lehen bailehen beste fase batera pasa behar dugu, su-etena lehen bailehen eman behar da eta esperantzari leiho bat ireki behar diogu."

Gregorio Atxutegi (PSOE):

  • "Pozik gaude. Ez genuen espero horrelako emaitzak lortzerik. Sorpresa handia izan da. Hala ere, Madrilen hildakoak gogoan izan ditugu. Erreflexioa egin behar da Madrilen gertatutakoa berriz ez dadin gertatu."
  • "Zapaterok esan du ekainaren 30a baino lehen Irakeko tropak Espainian izango direla. Gerra horretan parte hartu izana ez da izan legezkoa. Guztion artean konponbide bat lortu beharko da Iraken; Espainiak ere parte hartu beharko du hor."
  • "Euskal Herrian denon artean modu bat lortu behar dugu elkarrizketak egon daitezen, denon egoera hobetzeko asmoz. Orain behar dena da denondako konponbidea ateratzea."

Juan Jose Petrikorena (Bergarako Ekimena):

  • "Lortu ditugun emaitzekin ados gaude. Lau herrialdeko botoak ikusiz gero, 120.000 botora iristen gara eta hor ikusi behar da zer-nolako egoeran lortu ditugun boto horiek guztiak. Hemen ezker abertzale bat badela erakusten dute emaitza horiek."
  • "Guztiok dugu zer ausnartu, batez ere Aralarrek. Aralarrek egin duen kanpaina izan da ezker abertzalearen bizkar eta lortu nahi izan dituzte gure botoak."
  • "Gu ere pozik gaude PP gobernutik joan delako. Gure larruan jasan ditugu beraien erasoak. PSOEk zer egin behar duen ez dakigu, baina ikusi egin beharko dugu. Oraindik goiz da horretaz hitz egiteko."

Andoni Gartzia (EAJ):

  • "Gustura gaude emaitzekin. Jende asko joan zen botoa ematera eta ikusten dugu oraindik ere hor gaudela."
  • "Zapaterok gauza asko esan ditu eta orain ikusi egin beharko da jendeak emandako konfidantzarekin zer egiten duen."
  • "Pentsatzen dut orain arte baino okerragora ezin dugula joan. Gizarteak aldatzeko gogoa duela esan du eta lana egin beharko du orain PSOEk. Gauzak aldatu egin behar dira. Denon artean adostasun batera iritsi behar dugu"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak