Gaur, martxoak 8, emakumeen aldeko ekitaldiak ibarrean

iban arantzabal 2004ko mar. 8a, 10:11
Elkarretaratzeak deitu dituzte Oñatin eta Arrasaten, eta ipuin kontaketa saioa izango da Eskoriatzan. Emakumeen eskubideak aldarrikatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte ibarrean. Batzuk gaur izango dira eta beste zenbait datozen egunotan. Arrasaten eta Oñatin kale agerraldiak egingo dituzte gaur. Eskoriatzan Oihulari Klown taldeko Virginia Imazek ipuin kontaketa saioa egingo du; eta Bergaran, bi emakume txiletarrekin kafe-tertulia. Erreportaje zabala irakur daiteke Asteleheneko Goienkarian.

Emakumeean eguna da gaur, baina atzotik daude hasita hainbat ekitaldi antolatzen. Arrasaten antolatutako Emakume artisau eta baserritarren azokan 53 postu jarri zituzten, esaterako.

• Postu kopurua: 53 postu egon ziren zapatuan.

• Jatorria: Gipuzkoakoak, Bizkaikoak eta Nafarroakoak ziren gehienak.

• Arrasatearrak: artisau eta baserritarren artean, 16 Arrasatekoak bertakoak ziren.

• Urteak: Emakume Txokoak azoka hau antolatzen duen zortzigarren urtea da.

Emakumearen gaineko hitzaldiak Bergaran, Oñatin eta Aretxabaletan

Txileko bi emakumerekin kafe-tertulia antolatu du Bergarako gaztetxeak gaurko, 19:00etarako. Oñatin, Euskara sexista al da? hitzaldia egongo da bihar, 19:30ean, gaztelekuan. Amaia Alvarez Uria filologoak egingo du mintzaldia. Aretxabaletan, Euskal Herriko sorginak hitzaldia egingo du Alizia Stürtze historialariak eguenean, 19:00etan. Emakumeaz, matriarkaltasunaz eta sorginen irudien garrantziaz jardungo du Aliziak.

"Emakumeak eta inmigrazioa" erakusketa, martxoaren 15era arte Arrasaten

Arrasateko Emakume Txokoak antolatuta Emakumeak eta inmigrazioa izenburuko erakusketa dago Arrasaten. Emakume Txokoan bertan dago eta 17:00etatik 20:00ak arte bisita daiteke. Datorren astelehenera arte, hilak 15, egongo da ikusgai. Erakusketarekin lotuta, izenburu bera duen hitzaldia izango da etzi, eguaztena, arratsaldeko seietan. Harresiak Apurtuz erakundeko kide eta Munduko Medikuak elkarteko presidente Celina Pereda eta Munduko Emakumeak elkarteko kide Marta Eugenia izango dira hizlariak.

Arrasateko Ekin elkarteak txokolate-janak antolatu ditu

Hogeita hamar bat lagun batu ziren Ekin emakume elkarteak eguenean egindako batzar nagusian. Urtean zehar egingo dituzten ekintzak izan zituzten berbagai, batez ere. Aste honetarako hiru txokolate-jan antolatu dituzte. Pablo Urangan martitzenean, Musakolako gunean eguenean, eta, Txatxilipurdirekin batera, ludotekan egubakoitzean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak