Dave Bieter (Boiseko alkatea): "AEBetan Alderdi Demokratak irabaztea ona izango da Euskal Herriarendako ere"

Leire Kortabarria 2004ko mar. 3a, 09:45
AEBetako estatu bateko hiriburuak, Boisek, alkate euskalduna du joan den hiletik. Dave Bieter 44 urteko lege-gizona eta dugu berau. AEBetako euskaldunetaz, Euskal Herriaz… eta Debagoienaz egin dugu berarekin berba.

Zure hiriko, Boiseko, alkate moduan sei aste bete dituzu. Zer moduz?

Oso ondo. Oso pozik nago kargu berriarekin. Ni Boisen jaioa naiz, oso maite dut nire hiria eta beti nahi izan dut bere alde lan egitea. Orain, oso lanpetuta gabiltza lan taldekook. Baditugu lehen bailehen gure arreta eskatzen duten hainbat gai.

Adibidez, hirian etxerik ez dutenak, kalean bizi direnak, hartzeko egoitza bat dago, baina diru aldetik oso gaizki dago. Hiriko polizia sailean ere badaude konpondu beharreko hainbat kontu. Horiek dira gure lehentasunak.

Zure garaipena harrigarria izan da hainbatendako, Idahoko gehiengoaren joera politikoa kontuan hartuta. Hala ere, botoen %52arekin irabazi zenuen.

Hala da, bai. Idahoko gehiengoa errepublikarra da; ni Alderdi Demokratako kidea naiz. Bitxikeria moduan, honakoa esango dizut: hauteskundeak egin zirenean, nire izeba elizara joan zen, eta gotzainak esan zion bazekiela neuk irabaziko nuela, eta halaxe izan zen.

Laster, AEBetan Etxe Zurirako hauteskundeak izango dituzue. Zelan ikusten dituzu?

John Kerry hautagaiak ditu aukera handienak Alderdi Demokratako hautagai izateko. Nire ustez, demokratek irabazten badute, Euskal Herriarendako ere ona izango da. AEBen eta Euskal Herriaren artean harremanak indartzeko aukera bikaina izango da. AEBetako presidenteak bi etxebizitza ofizial izaten ditu; bata, oporretarako, eta Kerry-k irabazten badu, baliteke hemen, Idahon, izatea etxea. Hori horrela bada, berarekin elkartzeko aukera izango nuke.

John Kerry-k orain dela gutxi egin zituen adierazpenek hautsak harrotu zituzten euskaldunon artean. Izan ere, euskaldunak terrorismoarekin lotu zituen.

Bai, hori esan zuen hasieran, baina gero zuzenketa egin zuen. Nik asmoa dut Kerry-ren emaztearekin elkartzeko egunotan, eta gai horretaz berba egiteko asmoa dut. Nik uste dut, pixkana, ikasiko duela gehiago euskaldunon inguruan.

Hemen ere hauteskundeak izango ditugu laster. Zelan ikusten dituzu?

Oraindik ez dut informazio larregi, baina badut hauteskundeak jarraitzeko asmoa.

Euskal Herriko egoera oso ondo ezagutzen duzu, halere. Oñatin bizi izan zinen.

Hala da, bai. Bi aldiz egon naiz Oñatin. Lehenengoz, 1974 urtean. 14 urte nituen, eta Francoren garaiko azken urteak ziren. Bigarren aldiz, 1979an egon nintzen han. Familia osoa joan ginen. Izan ere, nire aita zena, Pat Bieter, Historiako irakasle zen Idahoko Unibertsitatean, eta Europan urtebete pasatzeko programa baten zegoen. Oñatiko Txantxiku Ikastolan ibili zen nire anaia zaharrena, Chris. Gero, orain dela 15 urte, ni neu Lauroko ikastolan ibili nintzen, ingelesa irakatsi eta euskara hobetzen.

Oso urte interesgarriak izan ziren Oñatin pasatutakoak: hango jendea oso jatorra da eta nire familiarekin oso ondo portatu zen. Orain ere, lagun handiak ditut han, eta elkarri idazten jarraitzen dugu. Oso herri ona da.

Boisen euskaldun jatorriko jende asko dago. Zelan bizi da hor euskalduntasuna?

Asko aldatu dira gauzak. Lehen, euskaldun etorkinak artzain moduan lan egitera etortzen ziren… Orain, jendea gero eta sarriago ibiltzen da AEBetatik Euskal Herrira joan-etorrian. Internet, posta elektronikoa… ditugu, eta albisteak askoz ere bizkorrago iristen dira leku batetik bestera.

Ni neu hirugarren belaunaldiko euskalduna naiz [Bieterren amak, Eloise Garamendiak, bizkaitar aita-amak zituen], eta hemengo euskaldun gehienak hirugarren eta baita laugarren belaunaldikoak dira. Bi herrialdeen arteko harremanak gero eta estuagoak dira komunikabide berriei esker; bestalde, hemen gazteendako dantza taldeak daude, ikastola… Dantzak ikastera, adibidez, gazte mordoa joaten da. Giroa oso ona da, alde horretatik.

Bestalde, hemengo euskaldunak politikan sartzen ere hasi dira, poliki-poliki. Esaterako, orain dela bi urte Peter Cenarrusa orduko Idahoko Estatu Idazkaria eta nik neuk Idahoko Memoriala bultzatu genuenean, Euskal Herriko autodeterminazio eskubidearen alde, jende asko joan zen horren berri jasotzera.

Zuretako eta horko euskaldunendako, zeintzuk dira Euskal Herriaren inguruko kezkarik handienak?

Ez neuk, ez eta hemengo jendeak, ez dugu Euskaldunon Egunkariaren kasua ulertzen, ez eta alderdi politikoak legez kanpo uztea ere. Hori, hemengo ikuspegitik, pentsa ezinekoa da. Francoren garaian bizi izan nuen giroa ekartzen dit gogora.

Justizia sailburu Joseba Azkarraga eta sail horretako beste hainbat kide bisita ofizialean izan dituzue otsail erdialdean. Zein da zure balorazioa?

Oso ona. Idahoko estatuko Legebiltzarrean egon zen Estatuko Idazkari Ben Ysursarekin eta idazkari ohi Peter Cenarrusarekin. Herriarekin topaketak ere egin zituen: Unibertsitatean, abesbatzarekin… eta Unibertsitateko arduradunekin harremana eraikitzen hasi zen. Horrelako bidaiak oso positiboak dira.

Eta, esan bezala, AEBetan hauteskunde orokorrak berehala izango dira, eta Washington-ekin elkarlana handitzeko aukera izango dugu, hemengo eta hango euskaldunon mesederako. Orain politikan nago ni ere, eta ahal dudana egiteko asmoa dut bide horretan aurrera egiteko.

Euskaldunak ez diren amerikarrek zer dakite euskaldunotaz?

Idahon, euskaldunon ospea handia da: herri langile eta oso zintzoaren ospea dugu. Idahotik kanpo, ordea, askoz ere gutxiago daki jendeak. Gehienek ETAren inguruko zer edo zer dakite, besterik ez. Alde horretatik, lan handia dugu egiteko. Pixkana joan beharra dugu.

Eusko Jaurlaritzak gonbidatu zaituzte orain Euskal Herrira berriro ere etortzera. Zelan ikusten duzu aukera hori?

Oso aukera polita izan daiteke, eta badugu, bai, joateko asmorik. Ikusiko dugu zer gertatzen den azkenean; edozelan ere, elkarren gainean gehiago ikasteko modua izan daiteke.

Idahoko Memorialaren harira, euskaldun ez diren amerikarrak hasi ziren euskaldunen inguruan gehiago ikasten, eta bidai baten bidez, Euskal Herria benetan zelakoa den plazaratu dezakegu. Nire ustez, oso garrantzitsua izan daiteke hemengo jendearendako eta gobernuarendako Euskal Herrira bisitaldi hori egitea.

Argi dago AEBetako euskaldunak oso ondo informatuta daudela Euskal Herriko egoeraz, baina zer diozu alderantzizko egoeraz? Euskal Herriak ezagutzen du horko euskaldun komunitatea?

Gero eta gehiago, bai. Alde horretatik ere, badago zer egin, ordea. Baina, nire ustez, bi taldeon arteko harremanak indartzen joango dira.

Zuk urtarril hasieran zin egin zenuen alkate postua. Baina ez zara politikara iritsi berria.

Ez. Bost urte eman nituen Idahoko kongresuan. Orain, aste gutxi batzuk daramatzat alkate moduan. Lau urte ditut aurrez aurre. Lan eskerga izango da.

Etxe Zuriarekin amesteko unea, beharbada…

Gerokoak, gero… Oraingoz, nire lehentasuna da alkate lana ahalik eta ondoen egitea. Oso-oso pozik nago nagoen lekuan, nire hiriaren alde lan egiten. Gero gertatuko direnak ikusteko daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak