Aratusteen ondoren, hausterre eguna

Usoa Agirre 2004ko ots. 25a, 13:20
Atzo, Aratuste-martitzena, eman zitzaien amaiera Aratusteei. Arrasatearrak, eskoriatzarrak eta bergararrak izan ziren Inauteriei agur esaten azkenak. Denetik ikusi ahal izango dugu aurtengo Aratusteetan. Egubakoitzean hasi eta martitzenera arte, deabruak, dantzariak, piratak, troiarrak, harri jasotzaileak, txitak, sorginak eta beste hainbat pertsonaia ikusi ditugu ibarreko herrietan.

Elurragatik, aldaketak egubakoitzean

Elurragatik, aldaketak egubakoitzean

Egubakoitzean ikastetxeetako haurrak izan ziren mozorrotzen lehenengoak. Elurra zela-eta, hainbat plan bertan behera geratu ziren; ikastetxe barruetan edo estalitako eraikinetan ospatu zituzten Aratusteak eta ezin izan zuten kalean gora eta behera kalejiran ibili.

Hala, Bergarako, Oñatiko, Elgetako eta Antzuolako ikastetxeetako neska-mutikoak mozorrotuta irten ziren kalera.

Zapatuan, tabernaz taberna

Zapatuan ere eguraldi eskasa egin zuen, baina Bergaran eta Eskoriatzan giro polita egon zen gauean. Bergaran ez zuten aparteko berezirik antolatu, baina jende ugari ibili zen tabernaz taberna mozorrotuta.

Eskoriatzan, Aratusteak girotzeko lehiaketa antolatu zuten tabernendako. Inkernu tabernak irabazi zuen lehen saria.

Domekan, dantzak nagusi

Aratuste-domekan eguraldi bikaina egin zuen egun osoan, dantza egiteko egun paregabea izan zen. Antzuolan, txistularien kalejira eta Txarri eta Sorgin dantza egin zituzten goiz eta eguerdi partean, hartz eta guzti.

Aretxabaletan, giro bikaina egon zen, beste behin ere. Asteak eta asteak eman zituzten koadrilek mozorroak, karrozak eta abar prestatzen, eta ikusgarriak izan ziren domekakoak: piratak, troiarrak, Jamaikako rastafariak, Frantziako Iraultzako soldaduenak, sorginak... Denetarikoak ikusi genituen. Kintoek, berriz, Txino dantza egin zuten, azkeneko urteetan ohikoa bihurtu den moduan.

Martitzenean, ikasleak

Aratuste-martitzenean, kanpotik ibarrera ikastera etorritako unibertsitarioengatik batez ere, Arrasate nagusitu zen. Bergaran eta Eskoriatzan ere mozorrotu ziren gaztetxoak eta hain gaztetxo ez direnak. Giro bikaina izan zen guztietan ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak