Asteleheneko Goienkaria kalean da

Asteleheneko Goienkariaren lehenengo alea kalean da jada. Aste bukaeran Debagoienean pasa den guztiaren berri izango duzue hemendik aurrera astelehenero. Gaurko alean, Amodiozko Gutunen Lehiaketako sari banaketa, gimnasia erritmikoa, indar politikoen bilkurak, eta beste hainbat kontu aurkituko dituzu.

Hiru atal nagusi ditu Asteleheneko Goienkariak: Geurean, Kirola eta Kultura. Aste bukaeran ibarrean gertatu den ia guztiaren berri jasotzen da hiru atal horietan.

Geurean atalean politikoek hauteskundeei begira egindako ekintzen berri jasotzen da. Beste kontu hauen berri ere izango duzu: Gurutze berria jarri zuten antzuolarrek Zurkutzen, "Jueves de Compadre" jaia eta torturaren aurkako ekitaldiak, besteak beste.

Informazioa eta analisia

Kirolaren atalean asteburuan izandako partiduen berri ematen da, hasi Reala eta Athletic-ek jokatu zuten futbol derbitik eta eskolarteko kiroletaraino. Partiduen berri izateaz gain, analisiak ere aurkituko dituzu.

Zapatuan, maitasuna nagusi

Amodiozko Gutunen Berrigara Lehiaketako sariak banatu zituzten joan den zapatuan Bergaran. Ekitaldi horixe da, hain zuzen ere, azalean nabarmentzen dena. Hala ere, beste hainbat kultur ekitaldi ere jasotzen dira: Hankatxo taldearen antzerki emanaldia, Oscar Candendo organo jotzaileari elkarrizketa, eta beste hainbat emanaldiren gaineko kronikak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.