Fagor Elektratresnak kooperatibak Geyser-Gastech-eko hainbat langile bazkide egingo ditu

Fagor Elektratresnak kooperatibak Bergarako Geyser-Gastech lantegiko 101 langile finko, kooperatibako bazkide egingo ditu. Bergarako lantegia kooperatiba bihurtu nahi zuen Fagor Elektratresnak, baina lantegiaren jabegoaren erdia duen Alemaniako Vaillant-ek ez du hori onartu.

Fagor Elektratresnaren eta Bergarako Geyser-en arteko harremana ez da berria. Izan ere, Geyser-Gastech 1997an sortu zuten Fagor Elektratresnak eta Alemaniako Vaillant enpresek. Orduan lantegi modernoa nahi zuten, ur-berogailu eta galdara modernoak eta teknologia aurreratuarekin egiteko. Fagorrek berogailuak egiteko zuen planta itxi zuen eta gauza bera egin zuen Vaillant enpresak. Kontuan hartu behar da, gainera, Vaillant dela ur-berogailuak egiten dituen Alemaniako lantegirik handiena.

Aspaldiko asmoa

Garai hartan ere, Fagorrek nahi zuen Bergaran kooperatiba sortzea, baina Vaillantek ez zuen nahi izan. Beraz, Fagorrek bere plantako bazkide guztiak eraman zuen Geyser-era eta, horretaz gainera, kanpotik lagun gehiago kontratatu zituzten. 104 lagun daude gaur egun lanpostu finkoarekin Geyser-en eta beste 40 injiniari, finko ez direnak. Baina egitura horrek oztopo batzuk ditu, Koldo Guridi, Geyserreko zuzendariak azaldu duenez. Kooperatibako langileak, esate baterako, Lagun Aro barruan daude eta euren komenioa dute. Geyser-ek dituen beste langileak, berriz, Seguritate Sozialaren barruan daude eta Gipuzkoako hitzarmenarekin egiten dute lan.

Horrela, lantegia hobeto gestionatzeko, kooperatiba sortzea proposatu zuen iaz Fagorrek, kooperatiba sortu eta gaur egungo langile guztiak bazkide egin. Alemaniako Vaillantek, baina, ez zuen hori onartu. Bai onartu zuen langile finkoak Fagor Elektratresnako bazkide egitea.

Geyserreko 101 langile finko, beraz, kooperatibako bazkide egingo dituzte. Geyser enpresak,hala ere, Elkarte Anonimo izaten jarraituko du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.