Goieskolak Haurreskolak Partzuergoan sartzeko eskatu die Udalei

Nerea Zubiete 2004ko ots. 6a, 14:30
Debagoieneko Herri Eskolak biltzen dituen Goieskola Elkarteak dei egin die Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako alkateei eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, Debagoieneko Herri Eskoletako zuzendariekin bildu daitezela. Helburua, 0-3 urte bitarteko hezkuntza zikloa abian jartzea gure bailarako herri guztietan, sare publikoan. Horrela, diote, aukera berdintasuna egongo delako herritar guztientzat, euren seme-alabendako hezkuntza eredua aukeratzeko orduan.

Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Arrasateko Herri Eskolek egin dute bereziki eskaera hori. Izan ere, herri horietako Udalek uko egin diote Herri Eskoletan 0-3 urte bitarteko zikloa jartzeko, Eusko Jaurlaritzak Eudelekin sortu zuen Haurreskolak Partzuergoari. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak azaroan sinatu zuen protokoloa Partzuergoa sortzeko, eta hor araututa gelditu da zein den Udalek nahiz Herri Eskolek jarraitu behar duten bidea, 0-3 zikloa sare publikoan eskaintzeko.

Eskaintza pribatua bakarrik

Goieskolak salatu du, gaur egun herri horietan 0-3 urteko zikloan dagoen eskaintza bakarra pribatua dela. Gainera, euren ustez, herri erakundeek erraztasunak ematen dizkiete eskola pribatuei, sare publikoaren kaltetan.

Goieskolak dio, Debagoieneko guraso askok hezkuntza publikoa nahi dutela hasiera hasieratik euren seme-alabendako, baina sare publikotik kudeatuta. Hori dela eta,Goieskola Elkarteak deia zabaldu die herri erakundeei, bilera egiteko eta irtenbideak aurkitzeko, datorren ikasturterako Debagoieneko herri guztietan 0-3 zikloa sare publikoan ere sar dezaten. Goieskolaren ustez, bide bakarra Partzuergoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak