Goieskolak 0 eta 2 urte arteko hezkuntza eskaintzeko aukera izatea eskatu du berriz ere

Goieskolak prentsaurrekoa egin du goizean Arrasaten. Debagoieneko eskola publikoak biltzen dituen elkartea 0 eta 2 urte arteko hezkuntza publikoa eman nahian ari da aspalditxoan. Erabakia, ordea, ibarreko udalen esku dago. Goieskolak udalei eskatu die, beste behin, sar daitezela Haurreskolak deitutako partzuergoan, aipatu zerbitzua eman ahal izan dezaten.

Debagoieneko udalen esku dago erabakia. 0 eta 2 urte arteko hezkuntza publikoa eskaini ahal izateko Eusko Jaurlaritzak Haurreskolak deitutako partzuergoan sartzera behartzen ditu udalak.

Goieskola, ibarreko eskola publikoak biltzen dituen elkarteak gaur egindako agerraldian salatu du udalak denbora gehiegi ari direla hartzen erabakia aztertzeko, matrikulazio garaia gainera datorkiela eta beldur direla ezin izango dutela datorren ikasturtean haur-eskola zerbitzu publikorik eskaini. Jaurlaritzak eta udalek izandako bileren gaineko informaziorik jaso ez izanaz ere kexatu dira, eta Lakuarekin egindako bilerotan udaletako arduradunek ezezik Goieskolako ordezkariek ere parte hartu behar luketela azaldu dute.

Sar daitezela Partzuergoan

Beste behin ere, udalei eskatu diete sar daitezela Partzuergoan, eurek 0 eta 2 urte arteko hezkuntza publikoa eskaini ahal izan dezaten. Izan ere, Goieskolak eskatzen du aukera berdintasuna izan dezatela entitate pribatuek eta eskola publikoak haur-eskola zerbitzua eskaintzeko. Batetik, haur eta gurasoengatik: eskaria egon badagoela ba omen dakitelako; eta bestetik eskolagatik, 0 eta 20 urte arteko hezkuntza eskaini ahal izateko, aurreneko urteak ikastetxe pribatu baten egin ezkero zaila ei da-eta gero haurrak publikora aldatzea.

Udalek, baina, aukera desberdinak aztertzen jarraitzen dute oraindik, eta datorren astera arte ez dugu jakingo zein den azken erabakia. Erabaki honen berri emateko prentsaurrekoa egingo dute datorren astean afera honetan murgilduta dauden Arrasate, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Oñatiko udalek.

Gauza batek argia dirudi, udalon ustez partzuergoaren aukera ez dela egokia. Hori dela eta, azkenaldian egindako bileretan beste irtenbide batzuk aztertu dituzte Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza sailarekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.