AHTren gainean salaketa egin du Aralarrek

Julen Iriondo 2004ko urt. 29a, 20:35
Aralarrek salatu du abiadura handiko trenak hasera baten eduki behar zituen ezaugarriak aldatu arren ibilbidea aldatzeko asmorik ez duela Eusko Jaurlaritzak. Aretxabaletako udaletxean, Debagoieneko Mankomunitatearen urtarrileko bileran aztertu zuten gaia.

Debagoieneko Mankomunitatearen Gobernu Juntan Aralar alderdiak dituen ordezkariek eskaria egin zuten atzoko bileran: Alvaro Amann Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herrilan sailburuak aurreko astean ibarreko alkateekin egindako bileraren gaineko informazioa nahi zuten. Amann tranbiaren eta abiadura handiko trenaren gaineko azalpenak ematera etorri zen Arrasatera.

Arralarreko kideek jaso zuten erantzuna ondorengoa: zegoen informazio bakarra prentsan agertutakoa zela, ez zegoela besterik, ez zela inongo erabakirik hartu. Erantzun horrek harritu egin zuen Aralar, izan ere, abiadura handiko trenaren gainean informazio berriak badaudela uste du alderdi honek. Eurek beste iturri batzuetatik izan omen dute horien berri.

Jaurlaritzak aldaketa nabarmen bat egin du proiektuan Aralarren ustez: hasieran abiadura handiko trena zena, soilik bidaiarientzat, abiadura ez hain handiko trena bilakatu da orain, bidaiarientzat eta merkantzientzat. Honela, trenaren abiadura jaitsi egingo omen da, eta horrek aukera emango du Aralarren ustez ibilbidea aldatzeko, gure paisaiaren ezaugarriei hobeto egokitzeko, ingurumenean eragindako kaltea txikiagoa izan dadin. Aralarrek salatu du, ordea, Jaurlaritzak ez duela ibilbidean aldaketarik egiteko asmorik.

Batzordea sortzeko eskaria

Garraioaren gaineko kontuekin jarraituz, Mankomunitateak eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari Debagoieneko Garraioaren Lurralde Agintaritza sor dezala. Herritarren mugikortasuna arazo handia da gure ibarrean. Gai honetan eragina duten eskumenak, ordea, banatuta dituzte erakunde desberdinek; esaterako, errepideak Diputazioaren ardura dira; trena, berriz, Jaurlaritzarena.

Honela, Mankomunitateak batzuekin eta besteekin bildu behar izaten du garraioaren gainean berba egiteko, eta arduradunek nahi dute hiru aldeen artean batzorde bat sortzea guztia koordinatuko duena.

Azkenik beste gai bat ere jorratu zuten Mankomunitatearen atzoko bileran. Jaurlaritzak ez dio baimenik eman Arrasateko Udalari herrian merkatal gune handi bat eraikitzeko. Arrasateko Udalak eskatu zuen merkatal gune handi bat eraiki ahal izatea herrian edo bestela dagoena handitzea. Lakuak erantzun du Arrasateren ezaugarriei ez dagokiela merkatal gune handiagorik. Dena dela, erantzun hau behin behinekoa da; azkenean Lurraldeko Zatiko Plana aurreikusita dagoen moduan betetzen bada, ordea, Arrasatek ez du datozen 16 urteetan merkatal gune handiagorik izango.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak