Merkealdien gaineko aholkuak plazaratu ditu EKAk

A. Leibar 2004ko urt. 7a, 11:20
Urtero legez, iritsi da urtarrileko merkealdien garaia. Horren aurrean, Euskal Herriko Kontsumitzaileen Elkarteak (EKAk) hainbat gomendio plazaratu ditu. Kontsumitzaileek merkealdien gaineko legedia ezagutu dezaten, EKAk hainbat aspektu lantzen ditu. Esaterako, erositako produktua hondatuta egonez gero edo edozein akats izanez gero, saltzaileak derrigorrez aldatu behar du.

Urtero-urtero izaten dira merkealdiak, sasoi jakin batzuetan dendariek merkeago ateratzen baitituzte beren produktuak. Merkealdiak legearen arabera araututa daude, eta hori dena azaltzen saiatzen da Euskal Herriko Kontsumitzaileen Elkartea.

Hona hemen kontuan izateko hainbat aspektu:

  • Denda bateko produktuak lehen baino merkeago saltzen direnean, merkealditan daudela esaten da. Sasoi-aldaketa dela, denboraldi-bukaera dela, salgaien likidazioa dela... merkealdiak.
  • Merkeago saltzen den produktuak kalitate eta etiketa inguruko arau guztiak bete behar ditu. Ezin du akatsik izan. Merkealditan egongo ez bagina bezala joka dezakegu hondatuta erosten ditugun produktuekin, hots, erreklamazio-bide berberak erabiltzeko eskubidea dugu.
  • Merkealditan jartzen diren produktuek, gutxienez hilabete egin behar izan dute aurretik denda berean; eta inolaz ere ezin daitezke merkealditarako soil-soilik egin, ezta ekarri ere.
  • Merkealdiak urtean bitan bakarrik egin daitezke: bata, urte hasieran; eta bestea, udako sasoiari begira. Astebete gutxienez eta bi hilabete gehienez iraun dezakete, ez luzaroago. Eta noiz hasi, Eusko Jaurlaritzak esan behar du.
  • Dendako arduradunak Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailari adierazi behar dio noiz hasiko diren merkealdiak. Gainera, zenbat denboraz iraungo duten ere jakinarazi behar die kontsumitzaileei.
  • Produktuetan argi eta garbi azaldu behar dira lehenengo prezioak eta merkealdikoak. Aurreko sei hilabetetan, hogeita hamar egunez jarraian, produktu horrexek izan duen prezioa da “lehengo prezioa”.
    Dena den, beti ez dira derrigorrez bi prezioak jarri behar. Esaterako, produktuak ehuneko finko bat merkatzen badira, nahikoa da ehunekoa azaltzea eta kito.
  • Produktu merkeak eta produktu normalak denda berean salgai jarriz gero, bi sailak ezin dira nahasita egon, hau da, argi eta garbi bereizi behar da zeintzuk diren merkaturiko salgaiak eta zeintzuk merketugabeak.
  • Produktua hondatuta egonez gero edo beste edozein akatsik izanez gero, saltzaileak derrigorrez aldatu behar digu. Zenbait saltokitan produktua itzultzeko aukera ematen dute, produktua ondo egon arren. Badaezpada ere, galdetu ea posible den produktua itzultzeko aukera ematen dute, produktua itzultzea, arrazoiak izanak izan.
  • Ordaintzeko moduak zeintzuk diren ere jakin behar dugu. Kreditu-txartelarekin ordaintzeagatik ez dugu zergatik errekargurik izan behar. Merkealditan azaltzen den prezioa ordaindu behar da, besterik ez.
  • Eta bukatzeko, ez ahaztu faktura edo tiketa eskatzea, erreklamazioa egiteko beharrezkoa da eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak