Egubakoitzean gertatutako heriotza salatzeko elkarretaratzea egin dute Aceralia lantegian

Jende ugari batu da gaur, 11:00etatik 11:30era bitartean, Aceralia enpresaren aurrean lan istripuak salatzeko egin den elkarretaratzean. Egubakoitzean, Pablo Muñoz Sanchez 57 urteko langileak bizia galdu zuen, dirudienez lan egiten zuen garabitik erorita.

Langileen batzordeak deituta ehunka lagun batu dira gaur, goizean, Aceralia enpresaren aurrean lan istripuak salatzeko. Izan ere, aurreko egubakoitzean Pablo Muñoz Sanchezek bizitza galdu zuen garabian lanean zegoela. 57 urte zeuzkan, emaztea eta hiru seme-alaba eta Arrasaten bizi zen. Goizez zebilen lanean, 06:00etatik 14:00etara, eta lana bukatu eta gero etxera itzultzen ez zela ikusita, emaztea arduratu eta lantegira, Aceraliara, deitu zuen. Hori horrela, lantegian haren bila hasi eta 15:40 aldera aurkitu zuten lurrean, garabi ondoan hilda. Hamahiru metrotako altueran egiten zuen lan garabian, eta gertakariaren unean lekukorik ez zegoenez, ez dago garbi zer gertatu zitzaion. Langileen batzordeak aurreratu duenez, autopsiak argituko du gertakaria. Muñoz Sanchezek 34 urte zeramatzan Aceralian lanean, azkeneko bostak garabian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.