Hauteskundeetarako kandidatura bakarra proposatu du Batasuna inguruko ezker abertzaleak

Datorren martxoko Espainiako hauteskunde orokorretarako indar abertzaleek eta autodeterminazioaren aldekoek zerrenda bateratua osatzea proposatu dute Batasunako eta LABeko ordezkariek. Bergaran, Telesforo Monzon buruzagi abertzale zenaren etxean egin dute proposamenaren aurkezpena.

Jose Luis Elkorok hartu du hitza lehenengo eta ondoren, Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak eta Arnaldo Otegi Sozialista Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak proposamena azaldu dute euskaraz eta gaztelaniaz hurrenez hurren.

Euskal Herria une gogorrak bizitzen ari den honetan, itxaropena gehiengoa ordezkatzen duten eragileengan jarrita dagoela esan dute. “Gure oinarriak modurik bortitzenean kolpatzen ari dira. Beraz, guztion ardura da abertzaleoi eta autodeterminazioa defendatzen duen orori dagokigu, egoera honetan, indarrak biltzearen erantzukizuna”, adierazi dute.

Ezberdintasunak alboratu

Ezberdintasunak alde batera laga eta errealitateari erantzun behar zaiola ere esan dute proposamena aurkezteko garaian. Izan ere, beraien hitzetan, “Euskal Herriaren etorkizuna da jokoan dagoena. Gure nortasuna, hizkuntza eta kultura. Etorkizun ekonomikoa eta soziala”.

Bestalde, esan dute, “urrats hau emanez gero, bakea eta demokrazia askoz ere hurbilago izango ditugu”. Beraz, “ulertezina” litzateke beraien ustez aukera pasatzen uztea eta “eragile politiko eta sozialok gizartearen gehiengoaren nahiari bizkar ematea”.

Proposamen zehatza

Horregatik egin dute hain zuzen ere, honako proposamena:

“Espainiako hauteskundeetan autodeterminazioaren aldeko indar guztien artean kandidatura bateratua osatzea. Kandidatura hori osatuko luketenek Euskal Herriaren ordezkaritza hartuko lukete beren gain Espainiaren aurrean. Kandidatura honen helburua, gure herria ordezkatuz, Espainiarekiko harreman eta negoziazio prozesuaren bidez, euskal Herriarentzat aitortza lortzea izango litzateke”.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.